Mikel Karrera, Arkaitz Agirregabiria, Joseba Fernandez Aspurz, Josu Urbieta, Izaskun Lesaka eta Xabier Goienetxea epaitu dituzte Parisen. Epaia jaso aurretik, ordea, mezu bat irakurri zuten, ohartaraziz EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibotik irteteko gonbita egin ziotela seietako bati eta, beraz, kolektiboa zatitzeko ahaleginak zeudela. Ez zuten igorlearen izenik eman.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua (AEM) "aipatuta sentitu da", eta adierazpen horri erantzun dio. Azpimarratu du ez diola "sekula EPPK uzteko inolako gonbidapenik egin ez sei preso horietako bati ez beste inori", baina aitortu du seietako bati gutun bat igorri ziola. Adierazi duenez, ez da AEMren intentzioa presoen asistentziari heltzea: "Hasieratik esan duguna zera da: hainbat kasu gerta daitezkeela zeinetan preso batzuk asistentzia gabe gera litezkeenak. Esate baterako, badago kasuren bat presoek kolektiboa uztea erabaki dutena, ez Langraiz bideari jarraituz, baizik eta borroka ikuspegi batetik kolektiboaren zenbait neurrirekin ez daudelako ados, eta koherenteena kolektiboa uztea zela erabaki dutelako. Horrelako kasuetan guk prestutasuna agertu dugu kide horiek babes politiko eta asistentzialik gabe ez uzteko".
Azaldu duenez, preso ugarik galdetu zieten ea EPPK-k ba ote zuen AEMren asmoen berri. Gogor mintzatu da: "Ezker abertzalean existitzen ziren antolakunde guztiei […] eman genien gure intentzioaren berri, EPPK eta EIPK barne. Batzuen partez ez genuen erantzunik jaso, eta beste batzuen partez mehatxuak jaso genituen, hain zuzen ere ezker abertzalean estatu kolpe bat eman zutenen partez".
Batasunaz
"Ezker abertzale ofizialetik at" kokatu da mugimendu hori, oharrean dioenez, "ezker abertzaleko militante" sentitzen diren arren. Aitzitik, kritikatu du "ezker abertzale ofizialaren barruan batasuna mantentzeko eskaintzen duten aukera bakarra denari amen egitea" dela: "Sortun ezin da eztabaidatu, erabakiak elite batek hartzen ditu eta konforme ez dagoenari etxera joateko gonbita egiten diote".