AFGANISTAN

Afganistango emakumeen aldeko elkarretaratzeak egin dituzte

Talibanen agintepean Afganistango emakumeen eskubideak murriztu egingo direla salatzeko egin dituzte protestak Bilbon, Donostian eta Iruñean

Gaur Bilbon egindako elkarretaratzea. ARITZ LOIOLA / FOKU
2021eko abuztuaren 20a
20:53
Entzun

Euskal Elkartasun Feministak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian eta Iruñean, talibanen agintepean Afganistango emakumeen eskubideak murriztu egingo direla salatzeko.

Bilbon, hainbat lagun Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean bildu dira, deialdiari erantzunez. Hainbat gazte afganiar ere baziren, Afganistango bandera astinduz. Leloak oihukatu dituzte: esaterako, «feminismoa nazioartekoa da», «emakume afganiarrak gure ahizpak dira», edo, besteak beste, «bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte».

Elkarretaratzearen amaieran manifestu bat irakurri dute, eta nabarmendu protesten helburua zera dela, giza eskubideei dagokienez afganiarrek pairatuko duten atzerakada salatzea; «bereziki, neskek eta emakumezkoek». Euskal Elkartasun Feministak Espainiako Gobernuari eskatu dio azkartu ditzala iheslari afganiarrei asiloa emateko prozedurak eta estu har ditzala nazioarteko agintariak talibanen jazarpenaren aurkako neurriak har ditzaten.

Bide batez, EB Europako Batasunaren jarrera ere kritikatu dute manifestuan, «ez delako neurri eraginkorrak hartzen ari muturreko erlijiosoen jokabidea gelditzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.