Jaurlaritzaren izenean Joseba Azkarraga Justizia sailburuak egin du Konstituzionalaren bart gaueko erabakiaren balorazioa, Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan. AG bozetatik kanpo uzteak oinarri juridikorik ez duela salatzeaz gain, politikan pluraltasuna kaltetzen duela nabarmendu du. Horrez gain, PSOE eta Madrilgo Gobernua "lotsa galduta" dabiltzala esan du.
“Juridikoki ez dauka ez hanka, ez bururik, eta politikoki aniztasunaren kalterako izateaz gain, pentsamolde zehatz bat kriminalizatzen du. PSOEk eta bere Gobernuak iparra ez ezik lotsa arrastorik txikiena ere galdu egin dute. Zergatik eta zertarako garbi esan behar da: PPrekin batera Legebiltzarra euren interesen arabera moldatzeko asmotan, eta ahalegin horretan, berdin zaie justizia bera galtzaile gertatzen bada, gertatzen ari den bezala", esan du Azkarragak.
Era berean, nazioarteko goi agintariei horren guztiaren berri emanez Jaurlaritzak gutunak igorri dizkiela agertu du.
EAE-ko hauteskundeak /AG-ren baliogabetzea
AG bozetatik kanpo utzi dutela salatzeko, gutuna igorri die Jaurlaritzak nazioarteko erakunde eta goi agintariei
Espainiako Konstituzionalak AG Aukera Guztiak hautesle elkartea bozetatik kanpo uztea "oso gertakari larria" da Jaurlaritzaren iduriko; besteak beste, "demokraziaren urraketa eta ideien kriminalizazioa" gauzatzen dituela iritzi dio. Hori dela eta, goizeko zortzietan gutunak igorri dizkie nazioarteko goi agintariei "Euskal Herrian gertatzen ari denaren berri emateko". Besteak beste, Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari eta Franco Frattini Europako Justizia komisarioari igorri diote idatzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu