EAE-ko hauteskundeak

AG ETAk sortu duela argudiatu du Espainiako Estatu Abokatutzak hautagaitza inpugnatzeko

AG Aukera Guztiak hautesle elkartearen aurka inpugnazioa aurkeztu dute Espainiako Fiskaltza Nagusiak zein Estatu Abokatutzak. Fiskaltza Nagusiak atzo iragarri zuen AG "ETAren diziplinaren menpe" dagoela argudiatuko zuela zerrenda horren aurka jotzeko, eta horren frogak dituela. Estatuko Abokatutzak, berriz, AG "ETAk sortu" zuela eta haren "zerbitzurako tresna" dela arrazoitu du.

2005eko martxoaren 24a
16:35
Entzun
Estatu Abokatutzak eta Fiskaltza Nagusiak gaur aurkeztu dituzte Espainiako Auzitegi Gorenean AGren aurkako idatziak. Estatu Abokatutzaren agiriak 79 orri ditu, eta ardatz nagusia da AG "Batasunaren segida zuzena" dela, eta ETAk "zuzenean" gidatzen duela.

Horren froga gisa azken egunotan zenbait komunikabidek aurreratu dituzten zantzuak eman ditu: besteak beste, hautesle elkartearen aldeko sinadura eman zuten 31.956 lagunetatik 6.035ek "ezker erradizkalarekin eta ENAM Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduarekin zerikusia" dutela; Antton Lafont EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko lehendakari eta AGren bultzatzaileak Rafa Diez LABeko idazkari nagusiarekin izandako elkarrizketen grabazioak; eta 'Le Journal' egunkariak egindako baieztapen bat: Batasunak aurkezteko duen aukera bakarra herritarren plataforma bat eratzea dela.

AGren hautagaitzari buruzko erabakia hartu behar duen Auzitegi Goreneko aretoko 16 magistratuak eguerdiko ordubatean batzartu dira Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatutzaren idatziak aztertzen hasteko. Bi eguneko epea dute erabakia hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.