Lehen ez zeukaten kasu bat bera ere, eta orain hamalau kasu detektatu dituzte Oionen (Araba) egun gutxian. Iragan ostiralean, lehen kasua atzeman zuten herrian, eta, hainbat PCR proba egin ostean, hamalau kasu daude orain. Atzo, bederatzi detektatu zituzten. Udalak jakinarazi duenez, lagunarteko afari batean du jatorria agerraldiak, eta herriko ostalaritzako hiru langile gutxienez daude kutsaturik. Hori dela eta, zenbait taberna itxita daude, jabeek hala erabakita. Oldarraldiaren dimentsioa ezagutu ahal izateko, Osakidetzak 100 PCR proba egingo ditu gaur, eta, positiboen kopuruak altuak badira, Osasun Sailak test masiboak egingo ditu herritarren artean.
Biztanle kopurua kontuan izanik — 3.500—, Oiongo intzidentzia tasa Arabako altuenetakoa da egun: 100.000 biztanletik 400 kutsatzen dira. Tasarik altuena Zuiak du: 100.000 biztanletik 1.099 kutsatzen dira han. Izan ere, azken egunotan oldarraldi bat atzeman dute herriko zahar etxe batean, eta 21 pertsona daude kutsaturik.
Eduardo Terroba Oiongo alkateak adierazi du herritarren artean "ezinegon handia" dagoela, baina lasaitasun mezua helarazi nahi izan du, eta neurriak ahalik eta zorrotzen betetzeko eskatu die. Osasun Sailak bestelakorik esan ezean, herrian ez dute neurri zorrotzagorik ezarriko. Halaber, alkateak azaldu du Jaurlaritzaren gomendio guztiak aintzat hartuko dituztela.