Martin Garitano. Gipuzkoako ahaldun nagusia

«Agindu genuena egiten ari gara; esan ez genuenik, ez»

Martin Garitanok argi dauka aurrekontuak onartzeko EAJrekin egindako ituna betetzen ari direla, eta ez du ulertzen jeltzaleak nola batu diren PSE-EE eta PPrekin, epea baino lehen, «antinatura den fronte batean».

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Urtebete darama Bilduk Gipuzkoako Diputazioan, eta koalizio abertzalea gobernutik kentzeko ahotsak entzuten ari dira oposizioan. Aste honetan bertan sartu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren kontrako zentsura mozioa. Lasai dago, hala ere,Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia (Bergara, Gipuzkoa, 1963). Gauzak ondo egiten ari direla dio, eta botoa eman ziotenak ados daudela egiten ari diren guztiekin. Ez da gobernutik kenduko duten beldur.

Urtebete egin duzu foru gobernuan. Uste baino errazago edo zailago egin zaizu?

Egia esanda ez nuen aurretik astirik izan aurreplanteamentu bat egiteko. Baina gauzak egin daitezke, eta egiten ari gara.

Oraintxe ez dira Bilduren garairik onenak... Joseba Egibarrek esan du horrela jarraituz gero «oso luzeak» egingo zaizkizula falta diren hiru urteak. Zer esan nahi zuen?

Urte gehienek 365 egun izaten dituzte, eta hori izango da gure legealdia. Nik uste dut EAJk arazo bat daukala barne mailan, eta hori sublimatzeko, oposizioa egitea erabaki duela. Baina, ez dira garai txarrak Bildurentzako. Gauzak ondo egiten ari gara, eta hiritarrek hori ulertzen dute, betetzen ari garelako kanpainan agindu genuena. Ez gara ari egiten esan ez genuenik. Gure boto emaileak ados daude egiten ari garenarekin. EAJk barne arazo latzak baldin badauzka, irtenbide kaxkarra da gu kolpatzea edo zigortzea.

EAJren barne arazo latzez ari zarenean, zertaz ari zara?

Gaizki ezkontzen dira Gipuzkoan abertzaletasunaren aldeko aldarrikapenak eta Bizkaian estatu hitzarmen bat eskatzea PPri eta datozen hauteskundeetan bat egin nahi izatea PPrekin. Nahaspila hori gaizki ezkontzen da.

PSE-EEk kenduko zintuzke Gobernutik. Aste honetan egin du proposamena EAJ eta PPrekin batu eta «gehiengo berriak» osatzeko. Lortuko al du?

PSEk bozak irabazi beharko lituzke beste gobernu bat osatzeko. Kontua da guk 22 batzarkide ditugula gehi Aralarreko bat, EH Bildu gisara ikusten badugu. EAJk 14 dauzka, eta PPk hamar. Horiek dira kontuak. Nabari-nabaria da Gipuzkoan gehiengoak Bilduren alde egin zuela, eta horregatik ari gara gobernatzen, ez inoren mesedearengatik. Denak batuko balira Bilduren kontrako frontean, bai, aterako ginen Gobernutik, baina burua oso tente daukagula.

Ez zara hori gertatuko den beldur?

Beldurrik ez daukat. Bizitza honetan gaixotasunari besterik ez diot beldurrik. Baina ez dut uste EAJk, PSEk eta PPk, hirurek bat egingo dutenik artifiziozko gobernu bat osatzeko.

Olanok esana du «behartuta baino» ez lukeela egingo akordio hori». Behartuko al duzu?

Guk gipuzkoarrei emandako hitza beteko dugu, kanpainan agindu genuena betetzen saiatuko gara. Horretarako gehiengoak behar ditugu, aurrekontuak EAJrekin adostu genituen, edo fiskalitatearen inguruan PSE-EErekin egin genuen, edo errepideen kontuak PPrekin. Hitza betetzen saiatuko gara. Hori al da irabazi ez zuena behartzea beste gobernu bat osatzera? Ez dut uste.

Zaborrengatik ez balitz... Edo ez da zaborrengatik?

Nik uste dut ez dela hondakinen kontua. Batzuei onartezina egin zaie Gipuzkoan beste gehiengo bat dagoela onartzea. Batzuk uste zuten betirako zela agintea, eta Gipuzkoan, eta hainbat Udaletan betirako zela gobernua. Baina konturatu dira, Gipuzkoan gehiengo batek aldaketa eskatu duela. Batzuek irensteko zailtasun handiak dituzte, baina hori horrela da. Gainera, Foru hauteskundeetan bakarrik ez, Espainiako Gorteetakoetan ere antzeko emaitzak izan genituen.

Emandako hitza betetzen ari zaretela esan duzu. Kanpainan eta kargua hartutakoan esan zenuen errausketa plantarekin bost urteko moratoria jarriko zenutela, denbora horretan herritarrek informazio osoa izango zutela, eta bukaeran beraiek erabakiko dutela zein sistema jarri martxan. Hori ez da ari gertatzen.

Herritarrek erabaki dute zeintzuk diren euren alkateak eta euren udal gobernuak. Udal gobernuei dagokie erabakitzea hondakinak nola jaso. Hemen, arazoa da batzuek eskumenak tokiz aldatu nahi dituztela. Baina Bergarako Udala bergararrek erabakitzen dutena da, Oñatikoa oñatiarrek erabakitzen dutena eta abar. Beraz, Gipuzkoarrek badaukate bai informazioa eta bai erabakitzeko ahalmena. Horretarako aukeratu zituzten alkateak eta zinegotziak.

Baina herritarrek beraiek ez daukate orain zuzenean erabaki beharrik?

Eta, galdetzen baldin bazaie zuzenean herritarrei, zer galdetu behar diegu? Zubietan nahi ote duten erraustegi bat, edo norberaren herrian nahi ote duten?

Aukera bat da, galderari buruz hitz egitea eta erabakia hartzea, eta beste bat galderarik ez egitea...

Ez diogu beldurrik galdetzeari.

EAJrekin egindako ituna bete duzue?

Bete dugu aurreneko hitzetik azkenekoraino. Guk ez dugu arau forala aldatu, garapen estrategia bat egin dugu datuak eguneratzeko, zeudenak ez zirelako egungoak. Lehenengo hitzetik azkenengoraino betetzen ari gara hitzarmena. Ez dugu ulertzen EAJ zergatik tenkatu denhonetan. Gainera, epea amaitu aurretik atera da PSE eta PPrekin bat egiten, antinatura den fronte batean.

Plana garatzearen eta aldatzearen artean zein desberdintasun dago?

Aldaketa aldaketa da, eta garapena beste gauza bat da. Hori hiztegian ikusi besterik ez dago, zer esan nahi duen garapenak, eta zer aldaketak.

Bidesaririk ez zenutela jarriko ere esan zenuten kanpainan. Baina N-1, A-15 eta Gi-632 errepideak erabiltzeagatik ordainaraztea proposatu duzue. Bidesariak jarriko dituzue?

Bi errealitate daude. Alde batetik, Bidegik 900 milioiko zorra daukala, eta zor hori ordaindu egin behar dela. Aurretik egindako errepideak ordaindu egin behar ditugu. Gu, gainera, ez geunden ados nola egin ziren errepide horiek. Hori batetik. Eta gero, beste errealitate bat da, Gipuzkoan desberdintasun nabarmena dagoela. Badira eskualde batzuk zigortzen ditugunak. Donostiara etortzeko, Bergaratik edo Azpeititik ordaindu egin behar da, diru asko gastatu behar da. Eta badira beste eskualde batzuk ordaintzen ez dutenak N-1 inguruko Goierri, Tolosaldea eta abar. Guk nahi duguna da, alde batetik, ordaindu behar den dirua ordaindu eta zorra kentzea; eta bestetik, oreka bilatzea lurralde guztietan. Ordaintokiak diren, txartel soziala den, Via T-ren kenketa... horretarako lanean ari gara Batzar Nagusietan. Beste alderdi guztiekin talde bat osatu dugu. Edozein kasutan, gipuzkoarrok ahalik eta gutxien zigortzeko, eta gipuzkoar oro berdin tratatuak izatea da asmoa.

Baina ordainsaria...

Momentu honetan beste alderdi guztiekin lanean ari gara erabakia hartzeko.

Gasolina gora, zergak gora, bidesariak ordaindu beharra... lanera joatea baino merkeago aterako zaie batzuei etxean geratzea laster.

Bai, hori egia da. Baina zoritxarrez Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dauka egungo sistemaren krisi hau berak bakarrik gainditzerik. Egia da egoera oso larria dela, jende asko ari dela oso gaizki pasatzen, eta gu saiatzen ari gara, gizarte politikekin, ahalik eta txukunen hori kudeatzen, guk sortu ez genuen krisi honetan gaizki pasatzen ari direnei laguntzeko.

Zerga erreforma egiazkoa aurten egitekotan zaretela iragarri duzue? Zertan datza?

Aurreneko aldaketa txikia zen, sartu berriak ginen, eta ez genuen astirik izan hain delikatua den gai bati goitik behera aurre egiteko. Oraingoan elkarteen zerga nahi dugu aldatu. Uste dugu gaur egun gertatzen dena ez dela batere justua. Etekinen inguruko zergak handiagotu egin behar ditugu, eta baita aberatsen zerga ere. Uste dugu hori dela bidea, hori dela formula diru gehiago jaso ahal izateko, gero diru gehiago gastatu ahal izateko, eta dirua merkatuan, gizartean, kalean jartzeko. Azken finean horrek berpiztuko du ekonomia, ez beste ezerk.

Nola aterako duzue aurrera? Lehen PSE-EErekin egin zenuten akordioa, baina harremanak gaiztotuta daude orain...

PSE progresista baldin bada eta bere filosofia ezkerrekoa baldin bada posible izan beharko luke. Bestela esplikatu beharko dute zergatik ez duten hori egin nahi.

Une honetan PSErekin harremanak badituzue?

Guk harremanak guztiekin dauzkagu, eta Batzar Nagusietan talde guztiekin dauzkagu harremanak, nahiz eta lehen esan dudan bezala, hauteskunde giroan gauden. Horrek beti okertzen edo gaiztotzen dituen arren, alderdi guztiekin ditugu harremanak.

Orain pixka bat garratz?

Segun... gauza bat egunkarietan zabaltzen dena da, eta beste bat alderdien arteko harremanak. Ari gara ponentzia bat antolatzen bakearen inguruan, eta horretan harreman normala dauzkagu.

Adegirekin ere harremanak ez daude onenean. Ezin esan elkarlanean ari zaretenik.

Adegin ere aldaketak egon dira. Oraintxe lehendakari berria aukeratu dute. Gure ikuspegia ezkerrekoa da, eta ez da oso erraza eskuineko ikuspegia dutenekin elkarlanean aritzea. Hori nabaria da, eta ezin da ukatu. Baina, hori esanda, harremanak normalak dira, baita Confebasquekin ere. Gauzak ez ditugu berdin ikusten.

Garai gogor hauetan ez da komenigarria elkarlana?

Elkarlana beti da ona, baina ez du suposatzen beste batek duen filosofiarekin bat egitea. Ezkerreko koalizio bat gara, eta zergen inguruan, adibidez, Adegirekin edo enpresarioekin ez gaude ados. Uste dugu zergak igo egin behar zaizkiola irabazten duenari. Mundu guztiak ez du berdin pentsatzen. Baina, gauza bat esango dizut, enpresarien artean ere guztiak ez datoz bat. Batzuek ulertzen dute guk arrazoia daukagula.

Urtebete honetan zer izan da ondoen egin duzuena?

Iruzur fiskalaren aurkako lana eta aldaketa fiskala. Eta gizarte zerbitzuak mantentzea nahiz eta krisi latza pairatu.

Eta okerren?

Batzuetan agian ez dugula asmatu egiten ditugun gauzak komunikatzen.

Adibidez?

Hondakinen inguruan uste dut gauzak hobeto esplikatu daitezkeela, ikusteko benetan zein den gure apustua, eta konturatzeko, beste toki batzuetatik gezur asko esaten ari direla, eta gauzak askoz errazago direla. Ez dela atzera egitea, aurrera egitea baizik. Seguru, horretan gauzak hobeto egin daitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.