Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros Polizia buruak epaitzen hasi dira Madrilgo Auzitegi Nazionalean, Faisan auzia dela eta. Akusazioen arabera, Ballesteros Arabako Inteligentzia Brigadako inspektore zenak, Pausuko Faisan tabernara joan, eta sakelako bat eman zion Joseba Elosua tabernako jabeari, ustez Pamies EAEko Polizia buru ohiaren dei bat jasotzeko. Polizia atzetik zuen Elosuak, ustez ETAko kide bati dirua ematekoa zelako.
"Urogallo Operazioa geldiarazteko agindu politikorik jaso zenuen?”, galdegin dio Pamiesi Carlos Bautista fiskalak. “Inolaz ere ez, eta agindu izan balidate ez nukeen hala egingo” erantzun du. Fiskalaren arabera, Pamiesek Elosuari operazioaren berri eman zion, Jose Maria Ballesteros Arabako inspektore zenaren bidez. Akusazioaren arabera, ETAren su-etena bertan behera gera ez zedin eman zuen abisua.
Galdera hori egin dio fiskalak Pamiesi Poliziako zuzendari nagusi Victor Garcia Hidalgorekin maiatzaren 3an izan zuen elkarrizketaren harira. Akusatuak onartu du hurrengo eguneko operazioaz hitz egin zutela. “Esan nion nola demontre komisario nagusiak operazio bat egin zezakeen niri jakinaren gainean jarri gabe”. Elkarrizketa berean hitz egin zuten hurrengo egunean konfidente batekin zuen hitzorduaz. Ballesteros Faisan tabernan egon zen, Pamiesek azaldu duenez, ETAn infiltratuta zegoen El Romanorekin bilera egin behar zuelako. “Elosua jaunarekin ez dut inoiz hitz egin telefonoz”, esan du Pamiesek.
Hurrengo eguneko operazioaren berri 20:00etan izan zuen, beraz, Pamiesek aitortu duenez, eta hiru ordura Garcia Hidalgorekin izandako elkarrizketan kexatu zitzaion beranduegi eman ziotelako operazioaren berri. Ziurtatu duenez “txundituta” geratu zen talde armatuari laguntzeagatik inputatuta zegoela jakin zuenean.
Sekretuak jakinarazteagatik bi urteko kartzela eskatzen du fiskalak Pamiesentzat, eta beste bost urte ETAri laguntzeagatik. Fiskalaren eskaerarekin batera, herri akusazioak dauzkate. PP alderdiak zortzi urte eta erdi eskatzen ditu Pamiesentzat eta zazpi urte eta erdi, Ballesterosentzat; Dignidad y Justicia taldeak hamar eta bederatzi urte eskatzen ditu, hurrenez hurren; eta AVT elkarteak, zortzi urte eta erdi eta zortzi urte. Haien galderei erantzuteari uko egin dio Pamiesek.