Gipuzkoako Auzitegiko 2. sekzioak, auziaren artxibatzea atzera bota eta ikerketarekin jarraitzeko agintzearekin batera, beste hainbat eginbideren artean bi polizia horiei deklarazioa hartzea argigarri litzatekeela adierazi du, apirilean sinatutako baina aste honetan jakinarazitako autoan. Auzitegiak ezin du eginbide jakinik agindu, hori epaile instruktoreari dagokio, baina orain epaileak gomendioari uko ez egitea espero dute akusazio partikularreko (senideak) eta herri akusazioko (Azpeitiko Udala) abokatuek, Santiago Gonzalezek eta Miguel Castellesek hurrenez hurren.
Hogeita bat urte joan dira Pasai Donibaneko faroaren aurrean Rafael Delas Txapas (Iruñea, 1957), Jose Maria Izura Pelu (Iruñea, 1958), Pedro Mari Isart Pelitxo (Azpeitia, 1961) eta Dioni Aizpuru Kurro (Azpeitia, 1963) segada batean hil zituztenetik. Lau gorpuek guztira 113 bala eta posta zauri zituzten, autopsien arabera. Bertsio ofizialaren arabera, KAAko kideek tiro egin ondoren erantzun zuten poliziek, baina inoiz ez da ageri komando kideen tiroen inolako arrastorik, Gipuzkoako Auzitegiko azken autoak ere nabarmentzen duenez. Segadan bizirik atxilotu zuten KAAko kide bakarrak, Joseba Merinok, armak poltsetatik atera ere ez zituztela egin deklaratu izan du, eta bere begiekin ikusi zuela hiru polizia Delas eta Aizpuru fusilatzen, hauek jada atxilotuta zeuzkatenean. Hiru polizia horiek erraz ezagutuko lituzkeela deklaratu zuen epailearen aurrean Merinok. Jimenoren eta inguruan zebilen beste lekuko baten testigantzak bat datoz Merinoren bertsioarekin, baita garai hartan egindako autopsiak ere, besteak beste gorpuak tiroz josita daudelako.Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, akusazioen eskariz, hainbat aldiz eskatu dio Espainiako Poliziako arduradunei Pasaiakosegadan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko. Oraingoz, lauren identifikazio zenbakiak baino ez dituzte eman, artxiboetan beste inoren berririk ez dela argudiatuta. Lau polizia horiek, baina, operazioaren atzeko lerroan izan zirela eta ez zutela tiroketan parte hartu deklaratu zioten epaileari 2002ko ekainaren 6an. Lau polizien deklarazioak, hainbat kontraesan zituztenez, ez zirela sinesgarriak adierazi zuen orduan Gonzalez abokatuak. Merinok lehen lerroan zeuden polizietako batzuk ezagutuko lituzkeela deklaratu zuenez, ezagutze saioa egiteko proposatu zuen orduan akusazioak, baino ez zioten onartu. Lau polizia horietako baten deklarazioaren arabera, ehundik gora agentek parte hartu zuten Pasaiako segadan, baina Poliziako Zuzendaritza Nagusiko komisario nagusiak behin eta berriro erantzun du lau horien parte-hartzearen berri baino ez dutela.A12GO7793 poliziaren arrastoa beren kabuz atera zuten abokatuek, Merinoren eta Jimenoren aurkako eginbideen agirietan arakatuz. Hain zuzen, sarraskiaren «egile intelektuala» izan daitekeenaren parte-hartzea ezkutatzeagatik, Fernando Amo Donostiako gaur egungo komisario buruaren eta Poliziako Zuzendaritza Nagusiko komisario nagusiaren aurka zigor prozedura zabaltzea proposatu zuen akusazio partikularrak, baina Gipuzkoako Auzitegiak, aste honetako autoan, eskaera atzera bota du, poliziaburuek behar besteko zehaztasunez ez zutela erantzun onartu arren.Sarraskiaren antolatzaile izan daitekeenaren identifikazioa egiaztatu aurretik 2003ko maiatzaren 29an, gertaeren garaian Donostiako komisario buru zena deklaratzera deitzeko eskatu zion akusazio partikularrak, bost aldiz, epaitegiari. Epaitegiak erantzun ere ez dio egin eskaerari. Beraz, deklaratzera ez deitzeko argudioak zein diren ez dute inoiz jakin abokatuek. Orain, Gipuzkoako Auzitegiaren autoaren ondoren, instruktoreak zailago izango du ez entzunarena egiten. Honelaxe dio autoak, hitzez hitz: «Orain arteko instrukzio eginbideek gertaerak egoki argitze aldera fruitu eskasa eman dutenez, komenigarria izan liteke Poliziaren Gorputz Nagusiko A12GO7793 funtzionarioari eta Donostiako polizia etxeko gertaeren garaiko (Informazio) komisario nagusiari deklarazioa hartzea, komandoaren iritsiera aurreikusia zela-eta antolatutako dispositiboari buruzko eta bertan parte hartu zutenei buruzko argibideak eman ditzaten».
Ikerketa berantiarra
Gertaerak duela 21 urtekoak badira ere, bost urte baino ez dira benetako ikerketa abiatu zela. Bertsio ofiziala ontzat emanez, 1987an sumarioa itxi egin zuen Calvo Rojas epaileak, behin-behinean. Lozorroan egon zen auzia 2000ko maiatzera arte, hildakoen senideen izenean Santiago Gonzalez auzia aztertzen hasi zen arte. Agirien artean Merinok Alcalako espetxean 1987an egindako deklarazioa falta zelako berpiztu ahal izan zuen ikerketa Gonzalezek.
Donostiako 2. instrukzio epaitegiak Merinori deklarazioa hartzea lortu zuen abokatuak, eta haren ondotik etorri ziren gainerako eginbideak. Bi aldiz deklaratu zuen Merinok Santoñako presondegian 2000ko irailean, eta Donostiako epaitegian bertan 2001eko urtarrilaren 8an. Bost egun lehenago, Azpeitiko Udalak herri akusazio gisa jokatzea erabaki zuen, eta Miguel Castells izendatu zuen lan horretarako. Gero etorri ziren Rosa Jimenoren testigantza, beste herritar batena, autopsien egilearenak... Eta, azkenean, 2001eko urriaren 9an, fiskalak berak egileak identifikatzeko eskatu zuen. Ondoren etorri ziren Donostiako polizia etxeak identifikatutako lau polizien deklarazioak, 2002ko ekainaren 6an, eta gainerako polizien identifikazioa lortzeko eta polizi arduradunei deklarazioa hartzeko borroka oraingoz fruiturik gabeak.Horretan ari zirela erabaki zuen instruktoreak auzia artxibatzea, iazko ekainaren 24an, «egile ezagunik» gabe preskripzio epea agortu zela argudiatuta. Auzitegiak, ordea, berriro zabaldu du ikerketa: preskripzio epea ez dela bete erabaki du, eta operazioan parte hartu zuten poliziek hilketa delitua egin zuten zantzuak daudela baieztatu du, lekukoen testigantzetan eta autopsien emaitzetan oinarrituta.
Hilketa zantzuak
Autopsietako datuak gogora ekarri ditu Gipuzkoako Auzitegiko autoak, hilketa delituaren zantzuak daudela adierazteko.
Dioni Aizpuru: 36 bala eta posta zauri. Zulo bat zuen begian, eta zazpi garondoan.
Pedro Mari Isart: 28 bala eta posta zauri. Bi zulo garondoan eta bi bularrean.
Jose Mari Izura: 28 bala eta posta zauri. Bi zulo buruan eta bat lepoan.
Rafael Delas: 21 bala eta posta zauri. Zulo bat buruan, beste bat garondoan eta hamar bularrean. Tiroak, gainerako hirurei bezala, distantzia ertain eta luzetik egin zizkioten, autopsiaren arabera. Bi metro «distantzia ertainaren» barruan legokeela argitu zuen autopsien egileak.