Nafarroako Hitza-k Barcinaren agintaldiaren balorazioa egin du, eta Sergio Sayas UPNkoa, Roberto Jimenez PSNkoa, Maiorga Ramirez Bildukoa, Asun Fernandez de Garaialde Aralarrekoa, Manu Aierdi Geroa Baikoa, Jose Miguel Nuin Ezkerrakoa eta Eloy Villanueva bildu ditu lehen bi urte hauen inguruko iritzia emateko.
Sayasek dio legegintzaldi "zaila" izaten ari dela, eta Jimenezek nabarmendu du PSNrekin zuen akordioa hautsi zuenetik "ezegonkor eta norabiderik gabe" dela gobernua. Fernandez de Garaialdek oso balorazio txarra egin du lehen bi urteetaz, eta Ramirezek nabarmendu du Nafarroako egoerari "mozorroa" erori zaiola eta "errealitaterik gordinena" geratu dela agerian.
Aierdiren arabera, "ezin kaskarragoa" da balantzea. Nuinek bi kontzepturekin definitu du egoera: "batetik, austerizidio ekonomiko neoliberala, eta, bestetik, agonia politikoa". Villanuevak azpimarratu du UPNk eta PSNk gobernu akordioa hautsi zutenetik "ziurtasun politikorik ez" dela.
Gipuzkoan, akordioak hizpide
Gipuzkoako Hitza-k ere Batzar Nagusietako ordezkariekin hitz egin du: Idoia Ormazabal Bildukoa, Markel Olano EAJkoa, Rafaela Romero PSE-EEkoa, Juan Carlos Cano PPkoa eta Maite Sarasua Aralarrekoa. Ormazabalek esan du kudeaketa publikoa beste modu batera egin daitekeela erakutsi duela Bilduk. Olanok, berriz, aldundiak kudeaketa "oso txarra" egin duela azpimarratu du.
Canok esan du orain arte alderdiek zituzten adostasunak hautsi dituela Bilduk, eta, Romeroren hitzetan, Bildu jabetu da inposizioa ez dela bidea eta akordioak lortzea dela onena. Hain zuzen, Sarasuak nabarmendu du aldundiak "ahalegin berezia" egin duela oposizioko taldeekin elkarlana bideratzeko. Martin Garitano ahaldun nagusiak adierazi du, hain zuzen, beretzat "sorpresa ona" izan dela oposizioko talde denekin arlo batzuetan ados jarri izana.
Bizkaian, sei galdera
Bizkaiko Hitza-k Batzar Nagusietako bozeramaileekin hitz egin du, eta inkesta batean sei galdera egin dizkie. Lorea Bilbao EAJkoak, Irune Soto Bildukoak, Iñaki Egaña PSE-EEkoak eta Esther Martinez PPkoak erantzun dute. Oposizioko kideek bat egin dute, eta esan dute aldundiak ez duela "ezertan" asmatu. Bilbaok, berriz, balantze ona egiteko moduan direla adierazi du, eta gobernu programa zehatz betetzen ari direla azpimarratu.