Baltasar Garzon epaileak Joseba Alvarez eta Oihana Agirre Batasuna eta Askatasunako kideak espetxeratzeko agindu du. Askatasunaren arabera, Soto del Realera (Madril) eraman dituzte.
Atzo inkomunikazioa luzatzea erabaki ostean, gaur goizean deklaratu dute epailearen aurrean, eta Fiskaltzak espetxe zigorra eskatu du bientzat. Kepa Landa Alvarezen abokatuak adierazi duenez, Batasuneko bozeramaileak ukatu egin dio epaileari irailaren 9an Donostian egindako manifestazioan parte hartu izana, eta hori egiaztatuko duten "ehunka" lagun daudela gaineratu du. Fiskaltzak, ordea, hura deitzea, bultzatzea edo zuzentzea leporatzen dio.
Ainhoa Baglierro Oihana Agirreren abokatuak, berriz, Garzonek ez duela Agirre ikertzeko eskumenik azaldu du. Otsailaz geroztik Askatasunaren jarduera debekatzen duen ebazpen judiziala indargabetuta dagoela azaldu du, eta beraz erakundearen bozeramaile lanak egin ditzakeela Agirrek.
50 minutu eman ditu Alvarezek Baltasar Garzon epailearen aurrean, Agirrek ordu laurdena, galderei erantzuteari uko egin baitio.
Agirre eta Alvarez espetxeratzeko agindu du Garzonek
Askatasunak azaldu duenez, Madrilgo Soto del Real espetxean sartu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu