POLITIKA

Agirre lehendakaria omendu dute, hark kargua hartu eta 77 urtera

Eusko Legebiltzarrak bereizgarria eman dio Agirre zenaren alabari; bertan izan dira Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu.

Agirreri omenaldia, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ, ARP
2013ko urriaren 7a
18:57
Entzun

Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakariaren mezu "humanista" goraipatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako egungo lehendakariak: "Jarraipena eman behar diogu Euskadi mundura zabaltzeko bere mezuari. Demokrazia eta askatasuna nahi zuen herrialde baten enbaxadore izan zen". Agirre zenaren ondarearekin "engaiatuta jarraitzen dugu gaur egun", erantsi du Urkulluk.

Soilik legebiltzarkideek jaso ohi dute Eusko Legebiltzarraren bereizgarria, baina lehendakari zenaren alaba Aintzane Agirreri eman dio gaur intsignia Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak. Tejeriak azaldu duenez, sinbolikoki aitortzen diote horrela legebiltzarkide izaera Agirreri, hura Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenean ezin izan zutelako legebiltzarrik osatu —1936ko gerraren eraginez—.

1936ko urriaren 7an sortu zen Jaurlaritza, Agirre bera lehendakari zuela. Gernikan (Bizkaia) egin zuen zin. Francisco Franco generalaren aldekoek gerra irabazita, Jaurlaritza herbestean izan zen; 1960an hil zen Agirre Parisen, eta Jesus Maria Leizaolak ordezkatu zuen karguan.

"Herbestea ezagutu zuen garai bereziki larrietan, baina hala ere askatasunaren eta demokraziaren alde egin zuen lan", esan du Tejeriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.