Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin dio gaur Jose Antonio Agirre lehenengo Jaurlaritzako lehendakariari, Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan.Agirre erbestean zela hil zenetik 50 urte bete direla eta, gorazarre egin dio gobernuak, eta "Euskadiren alde egindako ekarpen eta lana" nabarmendu.
Agirrek eta aurreneko Jaurlaritza hartako kideek omenaldia "merezimendu osoz" jaso dutela adierazi du Patxi Lopez egungo lehendakariak, "askatasunaren, autogobernuaren eta demokraziaren alde" egindako lanagatik. Era berean, aurrenko Jaurlaritza hark landutako ondarea frankismoak ez zuela guztiz desagerrarazi nabarmendu du. Omena irudikatzeko Gernikako Arbolaren gurutzea eman die Lopezek Agirreren seme-alabei; Aintzane Agirre alabak jaso du guztien izenean.
Agirreren familiak eskatuta, lehen Eusko Jaurlaritza osatu zuten kideak ere omendu ditu Jaurlaritzak, eta, horregatik, lehen sailburuen sendien ordezkaritza bat izango da ekitaldian. Haiek diploma jaso dute. Erakunde eta politikarien ordezkaritza zabala ere izan da.
Gernikako Arbolaren gurutzea Eusko Jaurlaritzak ematen duen goraipamenik handiena da. Domina 1983an sortu zuen, euskaldunak eta euskal jatorria izanik, «Euskadiren nortasuna defendatzen eta izaera berreskuratzearen alde nabarmendu direnak» omentzeko asmoz. Orain arte domina jaso dutenak dira: Miguel Hernandez (1983an), Jesus Maria de Leizaola (1986an), Manuel Lekuona (1987an), Jose Miguel Barandiaran (1987an) Rafael Caldera (1995ean) eta Ramon Rubial (1998an).
Politika
Agirre lehendakariak "askatasunaren, autogobernuaren eta demokraziaren" alde egindako lana goraipatu du Lopezek
Aurreneko Jaurlaritzako buruzagiaren seme-alabei Gernikako Arbolaren gurutzea eman die egungo lehendakariak. Agirreren Jaurlaritzak landutako ondarea frankismoak ez zuela guztiz desagerrarazi azpimarratu du Lopezek ekitaldian. Aurten 50 urte hil zen Agirre, erbestean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu