Politika

Agirresarobe espetxera bidali du epaileak, eta Ezkerrari bermea jarri dio aske gelditzeko

Pagazaurtundua hiltzea leporatu dio Agirresaroberi, eta hari laguntzea Ezkerrari. Azken horri 30.000 euroko bermea ezarri dio. AAMk jakinarazi duenez, bi aldiz eraman dituzte ospitalera bi atxilotuak atxiloaldian

2010eko abuztuaren 6a
23:03
Entzun
Gurutz Agirresarobe kartzelara bidali du Fernando Grande Marlaska epaileak, eta Aitziber ezkerrari 30.000 euroko bermea ezarri dio, aske gelditzeko. Agirresaroberi Joseba Pagazaurtundua hiltzea leporatu dio, eta ETAkide izatea. Ezkerrari, hilketan laguntzea egotzi dio.

AAMren arabera, Gurutz Agirresarobe eta Atziber ezkerra bi aldiz eraman dituzte ospitalera atxiloaldian. Ezkerra asteazkenean eraman zuten Arkauteko Ertzain Etxetik Gasteizko ospitalera aurrenekoz, eta Agirresarobe ostegunean. Gaur berriro eman dituzte biak ospitalera. AAMk jakinarazi duenenez, gizonezkoa traumatologia sailera eraman zuten atzo, eta otorrinolaringologia sailera gaur, belarriko infekzio baten ondorioz. Goizeko 11etan eraman dituzte atxilotuak ospitalera, eta neke itxura zutela adierazi dute lekukoek.

Azken atxiloketetan Ertzaintza ez dela bere protokoloa betetzen ari salatu dute

Ertzaintza torturaren aurka bere buruari ezarritako protokoloa ez dela ari betetzen salatu dute gaur torturaren kontrako Behatokiko eta Torturaren Aurkako Taldeko kideek, zenbait abokatu eta torturak jasan dituzten herritarrekin batera. Izan ere, protolo horrek, besteak beste, agintzen du inkomunikatuta dauden atxilotuen senideei egunero-egunero deitu behar diela Ertzaintzak haien egoeraren berri emanez. Halako deirik ez dute jaso oraindik, ordea, astearte goizaldean ETArekin lotura dutelakoan atxilotutako Gurutz Agirresaroberen eta Aitziber Ezkerraren familiek. Ezkerraren egoerarekin bereziki arduratuta daude, espondilitis ankilopoietiko izeneko gaixotasun larria baitu, hezurrei eragiten diena. Tratamendu berezia behar du, eta senideek kezka dute, polizia etxean jaso dezakeen tratuak kalte larriak eragingo ote dizkion.

Horrez gain, inkomunikazio aldia uneoro bideoz grabatu behar dela esaten du protokoloak, eta, oraingoz orain, inork ez du hala gertatzen ari denaren frogarik. Astearte goizaldean atxilotu zituzten Agirresarobe eta Ezkerra, eta ordutik inkomunikatuta dauzkate. Europa Press eta Efe albiste agentziekzabaldu dutenez, gazte biak gaur eramango dituzte epailearangana, Espainiako Auzitegi Nazionalera. Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriak aipatu dituzte albiste hori emateko.

Aurrerago esan bezala, torturaren kontrako aritzen diren taldeetako kideek eta torturen biktima izan diren herritarrek parte hartu dute agaurko gerraldian, zehazki, honakoek: Julen Arzuaga Behatokiko kideak, Ane Ituño abokatu eta Torturaren Aurkako Taldekoak, Alfonso Zenon torturak salatzeagatik auzipetutako abokatuak, Martxelo Otamendi torturatu eta Egunkaria-ko zuzendari ohi eta BERRIAko zuzendariak eta Pello Zubiria torturatu, Egunkaria-ko zuzendari ohi eta Argia-ko zuzendariaren albokoak. Gainera, Zubiriak Ezkerraren gaitz bera dauka, eta egoera larrira eraman zuen Guardia Zibilaren esku bizi izandako inkomunikazio eta tratuak.

Horiez gain, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak -herri horretako bizilagunak dira Agirresarobe eta Ezkerra- eta Ane Auzmendi eta Itziar Bazterrika EHAK-ko legebiltzarkide ohiak ere izan dira agerraldian. Azken horiek biek azpimarratu dute inkomunikazioa bertan behera uzteko agintzen duen legez besteko proposamena onartuta daukala Eusko Legebiltzarrak, eta, era berean, Iñigo Lamarca arartekoak behin baino gehiagotan adierazi duela praktika horren kontrako jarrera. Beraz, Ertzaintzak Legebiltzarraren agindua zein arartekoaren gomendioa betetzeari uko egiten diola salatu dute.

Ertzaintzak astearte goizaldean atxilotu zituen Agirresarobe eta Ezkerra. Agirresaroberi 2003ko otsailean Joseba Pagazaurtundua Andoaingo udaltzainburua hil izana leporatzen diote eta Ezkerrari horretarako laguntza ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.