euskal presoak

"Agonia luzatu arren", 'Parot doktrina' hil egingo dela diote euskal presoen abokatuek

'197/2006 doktrina' aplikatuta preso dauden guztiak libre utzi beharko lituzke Espainiak, abokatuen ustez, Estrasburgoko Auzitegiak doktrina horrek eskubideak urratzen dituela esan ostean. Euskal presoen abokatuek ibilbide motza ikusten diote Espainiako Gobernuak iragarri duen helegiteari.

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko uztailaren 12a
13:56
Entzun

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiaren ostean pozik daude euskal presoen abokatuak. Ines del Rio Pradaren auzian arrazoia eman die, eta Espainiako Estatuak Parot doktrina gisara ezagutzen den 197/2006 doktrina aplikatu duenean, presoaren oinarrizko eskubideak urratu direla esan du. Del Rioren aldeko epaia izateaz gain, doktrinaren kontrakoa dela ere ulertu dute euskal presoen abokatuek. Izan ere, ez du Del Rioren auziko zehaztasunengatik ematen epai hori, baizik eta doktrina ezartzeko moduarengatik eman du, orokorrean. Beraz, horrek 197/2006 doktrina aplikatu dieten preso guztientzat balio duela uste dute abokatuek, eta haiek guztiak berehala aske uzteko eskatu dute.

Espainiako Gobernuak ez zuela Estrasburgoren ebazpena beteko jakinarazi zuen epaiaren berri jakin orduko, eta helegitea jarriko zuela iragarri zuen. Helegite horrek, ordea, bide motza duela uste dute abokatuek. Doktrinak "hiltzeko ziztada" jaso duela uste dute, eta horregatik, Espainiako Gobernuak "agonia luzatzea" erabaki duen arren, azkenean doktrina indargabetu beharko duela iragarri dute.

Del Rio "ahalik eta azkarren" aske uzteko eskatu zion Estrasburgok Espainiari, eta 30.000 euroko kalte ordaina ematea ere bai. Halakorik ez duela egingo iragarri du Espainiak, eta abokatuek irakurketa argia egiten dute: "Espainiak eskubideak urratzen jarraitu nahi du". Amaia Izkok, Ainhoa Bagliettok, Didier Rougetek eta Alfonso Zenonek argi daukate: "Egoera hau berbideratu egin behar da". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.