Heriotza

Agur hunkigarria Iñaki Uriarteri

Iñaki Uriarte kazetari eta euskalgintzako militante zenari agur hunkigarria egin diote Barrikako (Bizkaia) Arrizabalen batu diren adiskide eta senitartekoak, guztira 150 bat lagunek. Iikurriñaren ondoan Uriarteren argazki bat eta hark idatzitako testu bat paratu dituzte, eta, halaber, Bilboko jaietako Abante konpartsaren bandera pirata. Omenaldia amaitzean Uriarte zenaren errautsak haizatu dituzte.

2004ko uztailaren 31
19:20
Entzun
Uriarteren bizitza hiru ardatz nagusiren biran harilkatu zen: euskalgintzaren, euskal prentsaren eta jai herrikoien aldarrikapenaren inguruan. Hori dela eta, AEk-ko kide bat mintzatu da lehendabizi, eta helduak euskaldundu eta alfabetatzeko erakunde horretan Uriartek egindako lana oroitu du. Ondoren, Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohi eta 'Berria'-ko zuzendariak hartu du hitza. Izan ere, 'Egunkaria'-ko Bizkaiko ordezkaritzako buru izan zen Uriarte minbiziak erasan zuen arte. Azkenik, jai herritarren alde egin duen lana dela-eta, Bilboko konpartsetako kide batek egin du hitzaldia

Horren guztiaren ostean, aurreskua dantzatu diote eta Arkaitz Estiballes bertsolari eta Uriarteren lagunak bertsotan egin dio gorazarre. Azkenik, errautsak haizatu dituzte.

Nolanahi ere, Uriarteren errautsen zati bat baino ez da izan gaur Arrizabalen adiskideek haizatu dutena; bestea, familiak haizatu du senitarteko ekitaldi batean, Lezaman (Bizkaia) Uriarteren gurasoek duten gereziondo baten azpian. Uriartek berak hil aurretik, hala egiteko eskatu zuen.

Herenegun, berriz, Uriarteren aldeko hileta elizkizuna egin zen Bilboko Santutxu auzoko Maria Erregina elizan. Hain zuzen ere, Alacanteko espetxean preso dagoen Olatz Caminos alaba agur ekitaldi batera ekartzeko modu bakarra zelako eskatu zuen Uriartek elizkizuna egiteko. Hala ere, epaileak ez zion baimenik eman kartzelatik ateratzeko. Dena den, laster etxekoak bisitatzeko baimen berezia emango diotela agindu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.