Iñaki Beraza Aguraingo alkatea (Araba) eta Juan Luis Antia Azparrengo alkatea (Araba) -biak EAkoak- hurrengo maiatzean udal hauteskundeetara ez dira aurkeztuko, EAk bakarrik aurkeztea erabaki duelako. Beraza eta Antia ez daude ados atzo EAren biltzar nagusi bereziak hartu zuen erabakiarekin. Berazak 16 urte daramatza alkatetzan. Beste zerrenda mota batean aurkeztuko al den galdetuta, "hori beste kontu bat da", esan du Berazak. "Printzipioz, EArekin bakarrik, ez naiz aurkeztuko. Ez nuen sinesten aukera horretan eta ez dut sinesten. Alderdiak egin beharko du bere zerrenda [Agurainen], egiterik badu".
Antiak adierazi du Kongresuaren erabakia bete egin behar dela baina, bera koalizioan joatearen aldekoa denez, "alderdiaren eskuetan" utzi du kargua. Azparrengo alkateak esan du "beste alternatibarik" egon daitekeela, ez duela baztertzen. "Garrantzitsua izan daiteke hilabete hau".
Begoña Errazti EAko presidenteak Berazari erantzun dio Agurainen izango direla alderdiko zerrendak, "hautagairik onenekin". "EAko militante batek egin behar duena, bere alderdia indartzeko saiakerak egitea da".
EAk hiru alkatetza ditu Araban: Agurainen, Azparrenen eta Amurrion.
Atzo izan zen, Bilbon, EAren biltzar nagusi berezia, EAJrekin EAEn hurrengo hauteskundeetan koalizioan joan edo ez erabakitzeko, eta bakarrik joatearen aldekoek irabazi zuten, konpromisarioen %61 lortuta. %39 erdietsi zuten koalizioaren aldekoek. Botoetan, 353-222; abstentzioak hiru izan ziren.
Beraz, zuzendaritzaren ildokoek irabazi zuten bozketa. Koalizioaren alde, berriz, Gipuzkoako EAkoak zeuden. Alderdiaren azkenengo biltzarrean, 2003ko azarokoan, konpromisarioen %60 ingururen babesa lortu zuen egungo zuzendaritzaren hautagaitzak eta %40 ingurukoa Gipuzkoako EArenak.
Rafa Larreina EAko Antolakuntza idazkariak gaur Info7 irratian esan du biltzar nagusi bereziarekin "alderdiaren proiektua indartuta" atera dela. "Gainera, heldutasun demokratiko garrantzitsua erakutsi dugu".
Errazti EAko presidenteak esan du "oso pozik" dagoela izandako eztabaidarekin, baita zuzendaritzaren "estrategia berretsi izanagatik ere". Estrategia "nazionala" eta "guztiena" dela adierazi zuen eta, beraz, udaletako talde lokalek ezingo dutela koalizioan joan 2007ko hauteskundeetara.
Aurten maiatzaren 27an izango dira Hego Euskal Herrian udal eta foru hauteskundeak. EA, Nafarroan, Nafarroa Bairen barruan doa (EAJ, Aralar eta Batzarrarekin). Oraingoz, esan dute Legebiltzarreko eta Iruñeko Udaleko hauteskundeetara aurkeztuko dela Nafarroa Bai.
Politika
Aguraingo eta Azparrengo alkateak ez dira aurkeztuko, EAren erabakiarekin ez daudelako ados
Maiatzeko hauteskundeetara EAEn bakarrik joatea erabaki zuen atzo Eusko Alkartasunak eta ez EAJrekin koalizioan. Zuzendaritzaren ustez, biltzar nagusi berezi nagusiarekin "alderdiaren proiektua indartuta" atera da. EAk Araban dituen hiru alkatetzetatik bi dira Agurain eta Azparrengoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu