Gizartea

A/H1N1 gripearen kasu bat atzeman dute Nafarroan

Herrialdeko aurrena da, Euskal Herriko laugarrena. 42 urteko gizonezko batek du gripea, baina gaitz arina dauka. Iruñerriko zentro batean atzeman dute kasua. XXI. mendeko lehen pandemia deklaratu berri du Osasunerako Mundu Erakundeak.

2009ko ekainaren 13a
19:25
Entzun
Gaur arratsaldean jakin denez, A/H1N1 birusak eragindako gripearen kasu bat atzeman dute Nafarroan; herrialdeko aurrena. Maria Kutz Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi duenez, 42 urteko gizonezko bat da gripea duena. Iruñerriko zentro batean antzeman dute kasua, eta gizonezkoa ez zen birusa sortutako lurraldean egon: Mexikon. Bai, ordea, Espainiako Estatuko hainbat erkidegotan.

Gaitz arina dauka, eta etxean dago. Ez dute beste neurri berezirik hartu.

Kutz kontseilariak esan du litekeena dela Nafarroan kasu gehiago agertzea, eta dei egin du ohiko prebentzio neurriak hartzeko; bereziki, eskuak garbitzeko.

Aurretik Euskal Herrian A/H1N1 gripearen hiru kasu baieztatu ziren.

A/H1N1 birusak eragindako gripearen alerta bosgarren mailatik seigarrenera igo zuen ostegunean Osasunerako Mundu Erakundeak. Hala, XXI. mendeko lehen pandemia deklaratu du; 41 urte dira OMEk ez zuela pandemiarik iragartzen.

Munduko 74 herrialdetako 28.774 lagun A/H1N1 gripeak kutsatu ditu joan den apirilaren bukaeratik hona, OMEren datuen arabera. Gripeak jota, 144 lagun hil dira -inor ez Euskal Herrian-. Kutsatutako gehien duten herrialdeak hauek dira: Ameriketako Estatu Batuak (13.217 kasu), Mexiko (6.241), Kanada (2.446), Australia (1.307), Txile (1.694), Erresuma Batua (822) eta Japonia (518).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.