Datorren larunbatean Sarek antolatuta Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin die ELA sindikatuak bere afiliatuei. Komunikatu batean, sindikatuak gogora ekarri ditu iazko urtean euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko bidean egindako urratsak: besteak beste, hainbat alderdik preso gaixoak aske uzteko eskaria babestu izana.
Bide beretik, abenduan Parisen egindako manifestazioaren arrakasta nabarmendu du, zeinean Ipar Euskal Herriko ordezkaritza politiko zabala izan zen. Ordea, salatu du irtenbidearen aldeko aldarriak talka egiten duela Espainiako Gobernuaren jarrerarekin, zeinak "demokrazia batean lekuz kanpo legokeen jarrerari eusten dion, presoen kolektiboa eta haien senideak zigortuz".
Deialdiaren "oinarrietako batzuk" bere egin arren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nahiz Nafarroako Ahal Dugu-k beren kideen eskuetan utzi dute parte hartzeko erabakia: "Gizarteratzea, eragindako minaren onarpena, sufrimenduaren bidegabekeria eta indarkeria ororen gaitzespena bezalako kontzeptuak faltan botatzen jarraitzen dugu". Bi eskari egin dituzte: Espainiako Gobernuari, hurbil ditzala presoak, askatzeko gaixo daudenak eta ezabatzeko "salbuespeneko elementu legalak". Presoei, berriz, galdegin diete "euren ardurak" onartzeko, "egindakoaren ondorioz biktimei eragin zieten mina dela eta".
Prest gaude. Euskal presoak Euskal Herrira! Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean egingo da larunbateko manifestazioa. Harekin bat egin du Etxerat elkarteak ere, eta iragarri manifestazioa dela-eta ez dutela espetxeetara bidaiarik egingo datorren asteburuan: "Egun horretan, gure lekua Bilbon dago; Bilboko karriketan izango gaituzue. Euskal gizarteari dei egiten diogu, urtarrilaren 13an Bilboko kaleek gainezka egin dezaten, eskubideen alde, konponbidea eta bakea exijitzeko".