Eskua luzatzeko borondatearekin agertu dira gaur goizean Nafarroako Ahal Dugu-ko parlamentu taldeko zazpi parlamentarietatik lau: Carlos Couso, Fanny Carrillo, Ruben Velasco eta Tere Saez (egiazki Saez ez da agertu batzorde batean parte hartu behar duelako). Laura Perez alderdikidea alboan zutela, gogoeta egiteko eskaera egin diote zuzendaritzari eta alderdi osoari, "bide ona hartu eta guztiok elkarrekin aurrera egiteko".
Urak harro daude une hauetan Ahal Dugu barruan. Laura Perez baztertu egin du alderdiak, kode etikoak urratzea egotzita. Cousok Perezi espedientea kentzeko eskatu du, "ez baitu zentzurik". Cousoren arabera, alderdiak egun hartu duen bideak kale itsu batera zuzendu dezake: "Gizarteak ulertu ezin duen muturreko egoeran gaude". Parlamentu taldeak egiten duen "lan ona" gizarteratu ordez, une oro trapu zaharrak agertzen ari direla dirudi, haren ustez. "Ez dugu onartzen barne borrokek ondoriorik izatea".
Cousok Ahal Dugu etxe batekin alderatu du: haren ustez, Ahal Dugu-n gela guztietako ateak giltzarrapoz beteak daude, "bainugelakoa izan ezik". Ez du zalantzarik beste alderdiek ere arazo antzekoak dituztela, baina "bainugelako atea itxia izateko sotiltasun nahikoa dute". Espainiako Podemosen ere Vista Alegre-ko azken batzarrean bi sektoreen arteko desadostasunek alderdiari min handia eragin ziotela nabarmendu du. "Hori ez da politika berria", ohartarazi du
"Neurritasuna eta lasaitasuna" aldarrikatu ditu. Haren ustez, oraindik orain Ahal Dugu aldaketaren aldeko "elementu garrantzitsua" da, eta egungo gobernua errepikatuko ez balitz ere, "UPNren alternatiba izango den" gobernu baterako osagai garrantzitsu izaten jarraitu nahi dute.
Cousok aldaketarekiko leial jokatzen ari direla azpimarratu du, baina akordio programatikotik kanpo diren kontuetan euren ildo propioa azaltzeko eskubidea aldarrikatu du. "Ezkerrak askotan egiten du hori, eta ez da ezer gertatzen. Geroa Baik ere maiz egiten du kontu ekonomikoetan, eta Ahal Dugu-k orduan zergatik ez?".
Aztertuko dute zer egin
Agerraldian izan da Laura Perez, eta hark ez daki jada beranduegi ez ote den arazoa bideratzeko. Dena den, euren eskaera aintzat hartu ezean, Cousok esan du aztertuko dutela zer egin. Parlamentu taldea utziko ote luketen galdetuta, erantzun du ez dutela halako erabakirik hartu nahi. Cousok espero du horretaraino ez iristea eta zuzendaritzak euren eskaera kontuan hartzea. "Inork ez dezala interpreta suari egurra botatzen ari garela".
Gaur, Ruben Velasco parlamentariak iritzi artikulu bat kaleratu du Laura Perezen alde agertuz. Velascok zehaztu du aurretik hartutako erabaki baten aurkako erreakzioa dela berea. Velascoren arabera, alderdiko estatutuak bete ez dituela jakinagatik, zuzendaritzak alde bakarrez jokatzen duela ikusita bere iritzia jendaurrean azaltzera behartuta ikusi du bere burua. "Barne demokraziak ez du funtzionatzen".