EUSKAL HERRIA

Aho batez aldarrikatu dute Ipar Euskal Herrirako instituzio baten beharra

Batasunak, Autonomia Eraikik, EAk eta Abertzale Batasunak lurralde kolektibitate baten beharra azpimarratu dute; eskumen zabalekoa, operatiboa eta herritarren gehiengo zabal batek onetsia. 

2012ko martxoaren 16a
22:25
Entzun

Eskumen zabaleko kolektibitate baten beharra aldarrikatu, eta adostasun zabal baterako deia egin dute Batasunak, Autonomia Eraikik, EAk eta Abertzale Batasunak, aho batez.

Nahiz Ipar Euskal Herrirako instituzio baten aldarrikapena zaharra izan, azken hilabete eta asteetan indar berezia hartzen ari den gaia dela azaldu du Peio Etxeberri-Aintxartek, Abertzaleen Batasuneko kideak. Horren ildora, positibotzat jo dute Garapen kontseiluak lurralde kolektibitate baten beharraren inguruan azken hilebeteetan egin duen lana. Ttotte Etxebeste Autonomia Eraikiko kidearen iritziz, "azkenean kontuan hartzen dira Ipar Euskal Herriak funtsezkoak dituen eztabaidak". Egun Ipar Euskal Herriak duen Pays deritzon estatusa agortuta dagoela onartu izana ere positibotzat jo dute alderdiek.

Eskumenen beharra

Batasunaren izenean hitza hartu duen Jean Claude Aguerrek Ipar Euskal Herriak iraupenerako behar dituen tresnak eskuratzea ezinbestekotzat jo du. "Eskumen zabaleko kolektibitate autonomo bat martxan jartzea beharrezkoa da, Autonomiak berak kudeaketa bere gain hartuko duelako". 

Era berean, Lurralde kolektibitateak sufragio unibertsalaren bidez aukeratua izanen den asanblada deliberatibo bat  izatea beharrezkoa dela azaldu du. Gainera alderdien ustez, funtsezko du kolektibitate operatibo bat izatea eta ez esparru sinbolikora mugatzea. "Euskararen ofizialtasuna izatea beharrezkoa dela deritzogu, euskararren gaiari heldu beharko dio autonomiak" gaineratu du Etxebestek. 

Etxeberri-Aintxartek azaldu du eskumenak zabalak izatea garrantzitsua dela baina aldi berean, malgutasuna beharko duela aldarrikatzen den lurralde kolektibiateak; "denbora aitzina joan ahala konpetentzia gehiago izatera heldu beharko da".

Indar metaketa

Adostasun zabalaren bidez heldu nahi dute alderdiek lurralde kolektibitatera; gehiengo zabal baten adostasunarekin hemengo indar metaketa Parisi erakusteko. Herritarren parte hartzea funtsezkotzat jotzen dute, beraz. Onespena eta kolektibitatearen legitimitatea gizartetik etorriko dela azpimarratu dute alderdiek. 

Garapen kontseiluari ardura historiko bat duela gogorarazi diote alderdiek, eta gauzak ongi egin behar dituela, hori Euskal Herriko gatazka politikoa konpotzeko ere beharrezkoa delako. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.