Gaur Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko burua Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izendatu du ofizialki alderdiko Aberri Batzarrak. Eusko Legebiltzarreko presidentegai Bakartxo Tejeria aurkeztu du, eta horiekin batera hauteskunde zerrendak osatuko dituztenen izenak eman ditu.
Arratsaldean bildu da Aberri Batzarra eta ondoren eman du Urkulluk lehendakarigai gisa bere lehen hitzaldia. BERRIA.INFOk zuzenean eman du, Bilboko Campos Eliseos antzokitik.
EBB osorik agertu da antzokira, eta alderdiko jarraitzaileek txalo artean hartu dituzte. Hainbat aurpegi ezagun ikus zitezkeen, tartean, EAJko buru eta arduradun guztiak. 19:00etan amaitu da Aberri Batzarraren bilera. Jon Iñaki Zarraga Aberri Batzarreko lehendakariak azaldu duenez, aho batez hautatu dute Urkullu.
"Aberriaren eraikuntza"
Eskerrak emanez hasi du Urkulluk bere lehen hitzaldia, jasotako konfiantzagatik. Adorea, gogoa, lana eta ilusioa agindu ditu EAJko lehendakarigaiak, eta jasotako konfiantza "aberriaren eraikuntzari" eskainiko diola esan du. "Bide berri baten hasieran gaude, eta nago. Etorkizuna denon artean zaindu eta indartuko dugu".
EAJk izan dituen lehendakariak gogoratu ditu, Agirre, Leizaola, Garaikoetxea, Ardanza eta Ibarretxe: "Abertzaleak; bere ereduaren aurrean, apalik", gaineratu du, horiek eredu bezala jarriz. Lehendakari abertzaleak zirela azpimarratu du. Familia ere gogoan izan du, eta erabakia eurekin hitz egin ondoren hartu duela esan du.
Erabakitzeko eskubidea
Egoera politikoaz ezker abertzalea demokraziaren mundura "datorrela" esan du, bidean daudela esanez, baina ari direla gaineratuz. "Denok demokraziaren garaian sartzen gara, ezezaguna zaigun lurraldean, ideia guztiak libreak dira, helburu guztiak landu ahal dira. Gure herriak erabakiko du etorkizuna, nazio bat gara, eta gure helburua Europako beste nazioen pare egotea da".
Egoera ekonomikoari denbora luzea eskaini dio lehen hiltzaldian, eta Espainiak "porrot" egin duela esan du, Euskadiren garaia dela. Ahalegin kolektiboa eskatu du horretarako, "Euskadik" utzi behar ez zuen bidea hartzeko berriro. "Gure baloreak berpiztu behar ditugu, hori da gure etorkizuna. Berpiztu, gure herria abian jartzea, garapena eta ongizatea berreskuratzeko. Berpiztu, gure etorkizunaren jabe izateko".
Euskadi berpiztu izango da, hain zuzen, leloa kanpaina hasi bitartean.
Paktuak defendatu ditu
Oposizioan egon denean, EAJk arduraz jokatu duela esan du Urkulluk, eta oposizioaren egonik ere autogobernua handitu duela adierazi du. EAJk paktuen alde egiten duela apustu gaineratu du, eta eraikuntza nazionala paktuetan oinarritzearen alde egiten dutela.
Gizakia, euskaltzalea, abertzalea eta alderdizalea dela esanez amaitu du hitzaldia Urkulluk. Eta "gora euskadi askatuta" eta "gora Eusko Alderdi Jeltzalea" oihukatu du, aurrean zituenen txaloak jasoz.
EBBren presidentetzatik, lehendakarigai izatera
Maiatzaren 21ean EBBk, aho batez, Urkullu proposatu zuen Jaurlaritzako lehendakarigai izateko. 2007tik EBBko presidentea da Urkullu (Alonsotegi, 1961), Josu Jon Imazen lekua hartuta. Euskal Filologia arloan irakaskuntzan diplomatu zen.
Eusko Legebiltzarreko kide izandakoa da Urkullu —25 urte zituen lehen aldiz parlamentari aukeratu zutenean—, eta EBBn 2000tik dago. BBBko buru ere izana da; 2000an aukeratu zuten.
Alonsotegiko EGIn hasi zuen ibilbide politikoa, hamabost urte besterik ez zituela, eta han izan zituen lehenengo ardura politikoak ere: herriko EGIko arduradun aurrena, eta EGIko zuzendaritza nazionalean gero.