Bilboko Instrukzio Epaitegiko laugarren aretoak Cabieces auziko prozedurarekin jarraitzea erabaki du, eta aulkian eseraraziko ditu Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alkorta abokatua. Cabiecesek 243.000 euro modu irregularrean jaso ote zituen ikertzen ari dira. Diru hori ustez Rafael Alkorta abokatuaren bulegoaren bitartez ordaindu zion Kutxabankek Espainiako Gobernuaren ordezkari izan zenari, hilean 6.000 euro hiru urtez, Cabiecesek abokatu gisa horrentzat lan egin zuelakoan. Alkorta ere inputatuta dago, Fernandez eta Cabiecesekin batera. Hainbat delitu leporatzen dizkiei inputatuei. Helegitea aurkezteko aukera dute hamar egunen buruan. Instrukzio fasean iazko apirilean deklaratu zuten hiru auzipetuek.
Kutxabankeko egungo zuzendaritzak Fernandezen aurka jarritako salaketa baten harira hasi zen Cabieces auzia. Salaketa horren arabera, Gregorio Billalabeitiaren lantaldeak 243.592 euroko irregulartasun bat atzeman zuen bankuaren kontuetan; hain justu, Fernandezek erakundean agintzen zuen garaikoa da zuloa, eta ustez lotura du Cabiecesen abokatu bulegoarekin zerbitzu juridikoak emateko izenpetutako kontratu batekin. Instrukzio fasean Fernandezek esan zuen "guztiz engainatuta" sentitzen zela Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko egungo presidentearen partetik, eta ohartarazi zuen ez zuela gertatutakoa ahaztuko: "Nik ez ditut zaurituak uzten". Izan ere, gaineratu zuen auzia amaitzean neurriak hartuko dituela: "Zalantzan jarri da nire ohorea, eta hori da dudan bakarra".
Kutxabankeko presidente ohiak komunikabideen esku utzi zuen ustez hark, auzian inputatu aurretik, fiskalaren aurrean eginiko deklarazioa. Horren arabera, 2012 hasieran jasotako dei batek eragin zuen Cabiecesi "lan irteera bat" ematea. Azaldu zuen "estatu politika" zela Madrilgo gobernuaren ordezkari ohiei lana bilatzea eta ETAren aurkako borrokarekin loturiko "idatzi gabeko lege batean" oinarrituta egin zuela hori, PPko goi kargudun batek eskatuta. Horrekin batera, Fernandezek aitortu zuen hiru urtez hilero 6.000 euro inguru ordaindu ziola Cabiecesi, baina diru hori guztia itzuli egin duela, Billalabeitiak ustezko irregulartasun horien berri emateko harekin eginiko bilera baten ostean, urtarrilaren 12an.
Salaketa jakinarazi zen egun berean, iazko urtarrilaren 31n, Cabiecesek utzi egin zuen PSE-EEko zuzendaritza eta militantzia.