AHT egiteko ez dela harrobi berririk zabalduko diote Jaurlaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak

Sektoreko enpresaburuek ustiagune berriak eskatu dituzte, azpiegitura handiei erantzun ahal izateko

inaki petxarroman
2007ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenaren (AHT) Euskal Y-a egiten hasi diren bi erakundeek -Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak- ez dute aurreikusten harrobi berririk zabaltzea azpiegitura horrek sortuko dituen porlan kontsumoaren beharrengatik. Hala azaldu diote bi erakundeotako iturriek BERRIAri. Duela aste gutxi batzuk Bizkaiko Harrobien Enpresetako Elkarteak, Asecabik, harrobi berriak zabaltzeko eskaria egin zion Administrazioari, AHTk eta Bilboko hegoaldeko saihesbideak, Supersur-ek, eragingo duten porlanaren kontsumoaren gorakadari aurre egin ahal izateko. Asecabiko enpresariek ez zuten zehaztu zenbat ustiagune berri beharko liratekeen, ezta non paratu beharko liratekeen ere, gai hori zehaztea Jaurlaritzari dagokiolako. Asecabiko ordezkariek gaineratu zuten, herrilan horiek hasita, eta egun dauden ustiaguneak bakarrik egonda, porlana inportatu egin beharko luketela beste herrialde batzuetatik.

Gai horri buruz galdetuta, elkarteko lehendakari Manuel Fernandezek esanak zehaztu nahi izan ditu Asecabik. «Guk dei egin genion Administrazioari gai hau argi dezan, ditugun harrobiek urteak mugatuta dituztelako. Ez dakigu zer kontsumo eragingo duen AHTk, baina uste dugu beharrak dezente handituko direla. Horregatik, egin dugun bakarra da eskatzea instituzioei gai hau argi dezaten. Baina inportatu behar bada, inportatu egingo dugu».

Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Sailak adierazi duenez, «ez da beharko harrobi berririk herrilan honen beharrei erantzuteko». Bakarrik Gipuzkoako lanak egiteko ardura duela gogoratu du Jaurlaritzak. Zati horren lanen harian, orain batzorde tekniko bat sortuko du, aztertzeko zer egingo duten tuneletatik aterako duten material guztiarekin. «Kontuan izan, esaterako, Gipuzkoan tuneletatik doala ibilbidearen %70. Beraz, material ugari aterako dugu. Aztertu beharko da zer harri mota den, eta horren arabera, berrerabili. Gure nahia da tuneletatik aterako den material hori guztia lan honetan bertan, edo besteren batean, berrerabiltzea».

Espainiako Sustapen Ministerioak egindako azterketen arabera, Euskal Y-a egiteko, tuneletatik 65 bat milioi metro kubo hondakin aterako dituzte. Horietatik, 16 milioi hondakindegietara eramango dituzte, baina ez dute zehaztu zer egingo duten gainerakoekin. Hondakin horiek 518 hektareako hedadura hartuko dute, ia-ia Euskal Y-aren beraren ibilbideak beste. Izan ere, 670 hektarea hartuko ditu trenbide berriak.

Lan honetan, eta «oraingoz» egin dituzten aurreikuspenen arabera, Jaurlaritzak nahikotzat jo du orain arte dauden harrobiekin. «Ikusi egin beharko da gero, eta kontuan izan beste kontu bat dela eraikuntzak behar berriak eragitea. Baina hor ez gara sartzen, ustiagune berririk behar den zehaztea Industria Sailari dagokio eta».

Araban eta Bizkaian Euskal Y-aren lanak egiteko ardura du Sustapen Ministerioaren Trenbide Azpiegituren Administratzaile Adif erakundeak. Jaurlaritzaren erantzuna berretsi du Adifek ere: «Ez dugu aurreikusten lan honen ondorioz harrobi berririk zabaldu behar izatea».



BEHAR HANDIAK. Orain arte egindako aurreikuspenak betetzen badira, Euskal Y-a egiteko 6,8 bat milioi tona porlan beharko dituzte. Dagoeneko 20 miloi tonatik gorakoa da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren urteroko porlan kontsumoa. Iaz, esaterako, 9,5 milioi tonatik gora porlan kontsumitu zuten Bizkaian. Hala, 8,3 tona kontsumitu zen urteko eta bizkaitar bakoitzeko iaz. Hala, Frantzia eta Alemania bezalako herrialdeen kontsumo maila -zortzi tonakoa- gainditu egin zuen Bizkaiak 2006. urtean.

Kontsumo gehiena hirigintza proiektuak sortzen dute; ondoren, garraio azpiegiturek. Hilario Manzaneda biologo eta AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak esan du %10 handituko dutela AHTren lanek porlanaren kontsumoa. «Handia bada ere, egia da ezkutatuta geratzen dela aurretik dagoen kontsumoa ikaragarria delako. Dagoeneko okupatutako lurra Europako herrialde garatuenetan baino 2,5 aldiz handiagoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, oraindik hirigintza eta azpiegitura proiektu itzelak egiteko daude».

Datu bat nabarmendu du: Frantzia eta Alemanian, adibidez, lurraldearen %1,2-1,5 inguru hartzen dute azpiegiturek. «Gu, dagoeneko, %3an gaude, eta oraindik falta da, besteak beste, Euskal Y-ak eragingo duena».

Izan ere, Manzaneda beldur da Administrazioak aurreikusten duen 6,8 milioi tonako porlan kopurua baino handiagoa izango ote den azkenean benetako kontsumoa: «Zubibide pila bat daude, eta haiei eusteko zutoin erraldoiak. Horiez gain, ibilbidea egiteko egin beharko diren inguruko lanak: pistak, hondeamakinentzako aparkalekuak...».



«Gure nahia da tuneletatik aterako den material hori guztia lan honetan, edo beste batean, erabiltzea»

Eusko Jaurlaritzako Herrilan saila


«Ez dugu aurreikustenlan honen ondoriozharrobi berririk zabaldubehar izatea»

Espainiako gOBERNUKO ADIF ERAKUNDEA


«Administrazioari gaia argitzeko deia egin genion, egungo harrobiek urteak mugatuta dauzkatelako»

bizkaiko harrobietako enpresariak


«Okupatutako lur kopurua 2,5 aldiz handiagoa dugu, dagoeneko, Frantzian eta Alemanian baino»

hilario manzaneda
aht gelditu! Elkarlaneko kidea




DaTuaK

6,8

6,8 milioi tona. Euskal Y-aren proiektua egiteko, horixe da Espainiako Sustapen Ministerioak erabiltzea aurreikusten duen porlan kopurua: 6,8 milioi tona. Bizkaiko harrobietako enpresarien arabera, iaz Bizkaian 9,5 milioi tona porlan kontsumitu ziren.

315

315 milioi tona. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jardunean diren kareharrizko harrobiek 315 milioi tonako erreserbak dituzte. Hain zuzen ere, 22 urte barru bukatuko lirateke hiru herrialdeetako erreserbak, gaur egungo kontsumo mailari eutsiz gero.





Ustiagune berrien bila

Egun Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian dauden kareharrizko harrobietan22 urterako erreserbak daude. Administrazioa hasia da balizkokokagune berriak aztertzen.
I. Petxarroman

Gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kareharrizko 30 harrobi daude, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren arabera. Egungo kontsumo mailak -eta etorkizunera begira Gobernuak berak egindako aurreikuspenak- betetzen badira, 22 urterako erreserbak daude egun lanean ari diren harrobiekin; alegia, 315 milioi tona. Izan ere, hiru herrialdetan dagoen porlanaren kontsumo maila 20 milioi tonatik gorakoa da dagoeneko. Jaurlaritzak berak, ikerketa batean dio 2014. urtera arteko kontsumoaren kopuru handiena 23 milioi tonakoa izango dela.

Horiek horrela, 2005. urtean Industria Sailak Kareharrien Lurralde Plan Sektorialaren aurreproiektua egin zuen, eta hor dozenaka balizko ustiagune berri aztertu ditu. Bizkaian kokatzen ditu harrobi berri gehienak: 40 lur barruan, eta 23 aire zabalean. Gipuzkoan 49 aurreikusten ditu -29 lur barruan, eta 20 kanpoan- Araban hiru ustiagune berri aurreikusten ditu: bi aire zabalean, eta bat lur barruan. Harrobi horietan guztietan pilatzen den kareharri erreserba 30.000 milioi tonakoa da.

Aurreproiektu horretan Jaurlaritzak lehenesten deitu lur barruko ustiaguneak, harrobiek duten paisaiaren eragina murrizteko. Alabaina, harrobi horiek ere ingurumen eragin handia dute, eta, gainera, haien ustiatzeko kostua handiagoa da. Horregatik, harrobietako enpresek ez datoz bat ikuspegi horrekin, egungo etekinak murriztuko liratekeelako.

Jaurlaritzaren planaren arabera, paisai eta natur balio handiko gune asko arriskuan egongo lirateke harrobi berri horiek zabalduko balira. Esaterako, Enkarterrietan, Armañongo Natur Parketik gertu bi harrobi aurreikusten dira. Trianoko Mendietan harrobi bat zabaltzeko aukera aipatzen du plan sektorialak, garai bateko meategietan. Ingurune horri etorkizunean biotopoaren izendapena ematea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak.

Urdaibain, Biosferaren Babesgunetik gertu, sei harrobi berri aipatzen ditu Jaurlaritzak, hiru lur barruan eta hiru aire zabalean. Guztira, Busturialdean 25 harrobi azaltzen ditu planak, 1.190 milioi tonako kareharri erreserbak dituztenak. Urkiolako natur parketik gertu ere lurrazpiko harrobi handi bat aipatzen du planak. Hain zuzen ere, Durangaldea jotzen du Jaurlaritzak hiru herrialdeetako kareharrizko erreserbagune nagusia.

Gipuzkoaren kasuan, Aizkorriko Natur Parkearen mugetatik gertu, lurrazpiko harrobi bat aipatzen du planak. Pagoetako parkearen barruan, eta Izarraitz mendiaren azpian, aldiz, harrobi bana. Planak aipatzen du ere Aralarko Parkearenbarruan hiru harrobi zabaltzeko aukera, San Gregorion eta Zerainen. Alabaina, azterketa egin duten Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) teknikariek beraiek ere ez dute begi onez ikusten aukera hori.



HARROBI GEHIENAK, NAFARROAN. Gaur egun Nafarroak hartzen ditu Euskal Herrian martxan diren harrobi gehienak. Egun 144 harrobi ari dira ustiatzen herrialde horretan, eta kareharria ez ezik, legarra, igeltsu harria, ofita, magnesita, granitoa eta beste hainbat material ateratzen dituzte haietatik. Harrobi asko, gainera, hirigunetatik gertu daude, legeak agintzen duen bi kilometroko distantzia errespetatu gabe.

Herritarrek eta elkarte ekologistek askotan kritikatu dituzte harrobiak. Iruñetik gertu dagoen Tiebas-Muru Artederretako harrobiaren kasuan, esaterako, epai batek berak arrazoia eman zien herritarrei, eta dauden hiru harrobietako bat legez kanpokoa dela agindu, lanetarako baimenik ez duelako, eta ez zegozkion lurrak hartzen zituelako.

Talde ekologista ezberdinek diotenez, udalaren lan baimenik gabe ari dira lanean harrobi asko Euskal Herrian. Busturialdean lanean ari diren lau harrobi baimen hori gabe ari direla salatu du Ekozain elkarte ekologistak behin baino gehiagotan, esate baterako. Ezagunak dira, aspalditik, Mañariko herritarren protestak inguruan diren harrobiek eragindako kalteengatik. Eta, azken asteotan kulturaren munduko hainbat jendek-eta Debako Udalak berak- eskatu dute Praileaitz lezeko Paleolitiko garaiko aztarnategia babes dadila, ondoan den Sasiola harrobiak eragin ditzakeen kalteen beldur. Nafarroan ere Gurelur talde ekologistak hainbat harrobi ixteko eskatu du, legez kanpokoak direlakoan, esaterako, Igoako harrobia. Urbasa-Andiako parke naturalaren barruan egonagatik,zabalik jarraitzen du Lizarragako tunelaren ondoko harrobiak, nahiz eta parkearen arautegiak espresuki debekatzen dituen horrelako jarduerak.

Azken hilabeteotan, esaterako, ezagunak egin da, herritarren protesten ondorioz, Magna enpresak Baztango Artesiagako Erdizaga inguruan zabaldu nahi duen harrobi berria. Elizondon, duela gutxi, manifestaldi jendetsua egin zuten, enpresari baimena eman ez diezaioten eskatzeko. Izan ere, Europako Batasunak interes bereziko gune izendatu du harrobia egin nahi duten lekua. Egun Magna enpresak Zubirin dauka magnesita ustiatzeko beste harrobi bat, baina agortzen ari da, eta horregatik eskatu die Baztango instituzioei baimena, berria zabaltzeko.

Ez da protestak eta mobilizazioak eragin dituen proiektu bakarra. Arratia bailaran, Txorokil mendiko harrobia egiteko proiektua aurkeztu zuen Zeanuriko Udalak duela bi urte. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak uko egin zion baimena, desagertzeko arriskuan den saguzar mota bat dagoelako natur ingurune horretan. Berriki, proiektu berria aurkeztu du Udalak. Horrek herritarren mobilizazioak eragin ditu. Joan den igandean, esaterako, herri galdeketan azaldu zuten harrobiaren aurkako jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.