Ez dutela Nafarroako AHTaren egungo proiektua eginen. Horixe berretsi du AHT Gelditu! Elkarlana taldeak. Joan den astean horixe bera erran zuten Aralar-NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek eta Sustrai Erakuntza Fundazioak. AHT Gelditu! Elkarlanak ere egungo proiektua ez dutela gauzatuko uste du. Hori errateko "informazioa" dutela azaldu du taldeko kide Luis Iriartek. Apirilaren 8ko Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren eta Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorren arteko bileraren ondotik plazaratu zuten prentsa oharrak ere Nafarroako proiektua aldatzeko asmo agerian uzten zuela erantsi du. "Zaragoza eta Castejon arteko abiadura handiko zatia ez da eginen; eta Iruñea eta Euskal Y-aren artekoa ere ez. EAErekin lotura Gasteiztik eginen litzateke. Beraz, Zaragoza eta Euskal Y-aren arteko abiadura handiko tarte bakarra Castejon eta Campanas artekoa litzateke", erran du Aitor Elizaldek.
60 kilometroko bidea izanen litzateke hori. "AHT zati motzena eta eta zentzugabeena", nabarmendu du Elizaldek. Gainerako zatietan egungo trenbidearekin eginen lukete bat, hirugarren errailaren bidez, Europak ezarritako zabalerara egokitzeko aukerarekin. Hori dela eta, AHT Gelditu! Elkarlanak Nafarroako obra guztiak bertan behera uzteko eskatu du, bai eta Euskal Y-arenak ere. Zalantzak agertu dituzte taldeko kideek proiektuaren bultzatzaileen asmoen inguruan. "Zergatik jarraitzen du Nafarroako Gobernuak Castejon eta Campanas arteko zatia egiteko tematzen? zer mesederen truke egiten du hori?", galdetu dute.