EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek esan du Eusko Jaurlaritzak "aurreratzen" jarraituko duela Abiadura Handiko Trena egiteko lanetan dagokion zatia. Infozazpi Irratian egindako elkarrizketa batean, Ortuzarrek kezka azaldu du Espainiako Gobernuak AHTrako aurrekontua murriztuko duelako 2013an, eta gaineratu du azpiegitura hori "Euskadin egiten ari den lan publikorik garrantzitsuena" dela. Madrilen murrizketekin, "lanpostu batzuk arriskuan" daudela adierazi du.
Ortuzarrek ziurtatu du EAJk presioa egingo diola Espainiako Gobernuari trenaren eraikuntzan hartutako konpromisoak betetzeko; aurrekontua murriztea "PPren beste porrot bat" dela kritikatu du.
Halaber, Euskal Y-aren eraikuntzari babesa adierazteko proposamen bat aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan PSE-EEk, Madrilen aurrekontu murrizketaren harira. Rafaela Romero PSEko batzarkideak bost puntuko proposamena aurkeztu du; bertan, "hitzartua dagoen zatia bermatzea" galdegiten dio Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteari.