AHTa ez beste lan guztiak, mozketen menpe Nafarroan

2012ko aurrekontuetan onartutako obra denak egingo dituela adierazi du Nafarroak; hori bai, «erritmo geldoagoan»

AHTa eraikitzeko lanak hasita daude Cadreitan. LANDER FDZ. ARROIABE / ARP.
jon eskudero
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trenari ez beste azpiegitura guztiei eragingo diete murrizketek Nafarroan. 132 milioi euroko mozketa iragarri zuen Nafarroako Gobernuak joan den ekainean; diru kopuru horretatik 6,7 milioi euroko jaitsiera Sustapen Departamentuak jasan du: %3,79koa. Bada, jaitsiera horrek zein azpiegituratan eragingo duen jakinarazi zuen atzo Nafarroako Sustapen kontseilari Luis Zarralukik, PSNk eskaturiko agerraldi batean. Azaldu zuen AHTa salbu gainontzeko lanetan neurriak hartu beste erremediorik ez dutela izan. Dena den, 2012ko aurrekontuetan onartutako lan guztiak aurrera eramango dituztela nabarmendu zuen, nahiz eta lan batzuk « erritmo geldoagoan» egin. Aurrekontuen behin betiko gauzatzea urte amaieran ezagutuko da.

Tren lasterra da doikuntzen menpe egongo ez den azpiegitura bakarra. Ordea, beste arlo batzuetan ere ez dute eragingo mozketek; besteak beste, etxebizitzak erosi ahal izateko edo alokairuan hartzeko ematen diren laguntzetan eta langileen gastuetan. Zarraluki: «Nafarroa ez da uharte bat. Europan bizi gara, eta neurriak hartzera behartuta gaude. Hori bai, premiazko proiektuei eman diegu lehentasuna, eta horietan ez dugu eskurik sartuko». Kontseilariaren hitzetan, aspaldiko urteetan diru «gehiegi» gastatu dute Nafarroan, eta errealitateari «aurre egin» beharrean dira orain.

Plangintza arloak, eraikuntzak eta obra publikoen mantentzeak jasango dute jaitsierarik handiena: 4,6 milioi eurokoa. Beste hainbaten artean, Almandozko zeharbidea ez dute berrituko aurten, aspalditik hala aurreikusita bazegoen ere. Bertako udalak halabeharrez hartu du erabakia, Nafarroako Gobernuak diru laguntza atzeratu baitio. Obra horien aurrekontua 916.765 eurokoa da; gobernuak 714.790 euroko laguntza zuen iragarria. Baina laguntza hori ez du aurten jasoko Almandozek, eta bakarrik ezin dio aurre egin gastuari. Ledeako zubiak ere jasango du mozketa.

Nafarroako errepide sarea hobetzeko eta ikertzeko lanetan ere 2,6 milioi euro gastatu gabe geratuko da Yolanda Barcinaren gobernua. Iruñetik Logroñora (Espainia) egitekoa zuten autobiari eragingo dio murrizketak. Hasieran 3,8 milioi euroko aurrekontua zuen proiektuak; 1,5ekoa orain. Zarraluki: «A-12 autobia etorkizuneko A-68arekin lotuko dugu, eta Errioxako AP-68arekin ere bai. Lan horiek 2015ean amaitzea da gure asmoa».

Sustapen kontseilariak iragarritako murrizketak ez dituzte begi onez ikusi UPN eta PPN ez beste alderdi guztietan. Gregorio Galilea PSNko parlamentariaren iritziz, sailaren aurrekontu «eskasarekin» ez dute lan erraza izango ekonomia aktibatzen: «Herrietako lanek ez dituzte zertan jasan Nafarroako Gobernuak eginiko murrizketak».

Bildu eta NaBai, gogor

PSNk bezala, Bilduk ere usain txarra hartu dio UPNren jarrerari. Koldo Amezketa: «Kontseilariak ez du deus argitu. Ziur nago aurkeztutako zenbakiekin ez dutela zerikusirik departamentuaren benetako gastuek». Iritzi berekoa da Nafarroa Bai alderdiko Juan Karlos Longas ere: «Dakidan gauza bakarra da 6,7 milioi euroko jaitsiera dagoela zehaztuta, baina mozketa erreala altuagoa dela iruditzen zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.