«AHTak ekar dezakeen arriskua gizarteratzen saiatu gara»

Ibaietako urak berdez tindatuz lortu duen oihartzunarekin «oso pozik» dago M!M mugimendua

mikel rodriguez
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko hemezortzi ibairen urak berde argi kolorearekin heldu zirela eta, batek baino gehiagok ikara galanta jaso zuen herenegun. M!M Mugitu! AHTaren aurkako mugimenduak tindatu zituen ibaiak, gogoeta bultzatzeko asmoz. «Bere herriko erreka guztiz pozoituta zegoela pentsatzean, jendearengan erreka eta ura baloratzeko sentipena jabetu zen. Horren ostean, ekintza zergatik egin den jakinda, uste dugu AHTak urari ekar diezaiokeen arriskuaren ideia gizarteratzen lagundu dugula». M!Mrentzat, arrisku hori «zoritxarrez erreala» da.

M!Mk fluoreszeina sodikoa erabili zuen urei berde argi kolorea emateko. Substantzia hori naturala da, eta ez da kutsakorra ingurumenarentzat. Bizkaian sei ibai koloreztatu zituzten, Gipuzkoan bederatzi eta Nafarroan hiru. Guztira 32 herritan ikusi zuten eragina. Ekintzak oihartzun zabala izan du, eta horregatik «oso pozik» agertu da mugimendua. Hala ere, ohartarazi du ekintzaren ikusgarritasuna baino garrantzitsuagoa izan dela «AHTak dakartzan kalte guztiak gizarteratzea».

Euskal Herrian, AHTaren ibilbidearen %60 lur azpitik joango da, M!Mren arabera. Salatu du hori «propaganda» moduan erabiltzen dutela planaren sustatzaileek. «Ez dela ikusiko eta eragin gutxiago izango duela diote, baina ondorioa kontrakoa da». M!Mk jakinarazi duenez, lur azpiko ibilbidearen %30 «hauskortasun handiko» iturburuetatik pasatuko da. «Tunel batek iturburu bat zulatu ahal du, dena hustu, eta inguruko errekasto guztiak lehortu». Espainian eta Italian AHTaren eraginez halako hondamendiak gertatu direla oroitarazi du mugimenduak, eta erakundeek duten jarrera salatu du. «Ingurumenean izango duen eraginari buruzko txostenetan onartzen dute arrisku handiak daudela, baina ez dute baliabiderik jartzen hori saihesteko». Hondamendia gertatuz gero, «nahiz eta arduradunak zigortu, berdin izango da, kaltea ezin izango delako konpondu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.