Abiadura handiko trena (AHT) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan martxan legokeenetik —2016rako aurreikusten dute—, Gasteiz, Bilbo eta Donostian %9 turista gehiago geratuko lirateke gaua igarotzen, AHTak turismoan lukeen eraginari buruz Eusko Jaurlaritzak egindako azterketa batek dioenez. Ondorioz, hiru milioi turistako kopurura gerturatuko lirateke, Jaurlaritzak uste duenez.
Gaur aurkeztu dute azterketa Pilar Zorrilla Jaurlaritzako Turismo sailburuordeak, Ernesto Gasco Garraio eta Lan Publikoetako sailburuordeak eta Ana Izagirre Basquetour-eko zuzendari nagusiak, Bilbon.
Abiadura handiko trena hartu duten Europako beste hirietan turismoak gora egin duela adierazi dute. "AHTak liga hobe batean jokatzea ahalbidetuko digu", esan du Zorrillak.
Azterketaren arabera, batik bat hiru eta bost eguneko bidaietako lagunak eta negozioetako jendea geratuko litzateke Gasteiz, Bilbo eta Donostian gaua pasatzen.
Bilbo eta Donostiatik Madrilera bi ordu eta erdi beharko direla azpimarratu du Zorrillak, eta Gasteiztik bi ordu. Hiru euskal hiriburu haien arteko bidaia ordu erdi batekoa litzateke, eta horrek barne eskaintza handituko lukeela iritzi dio Turismo Sailak.
Gainera, AHTaren Santander-Madril bidea Bilbok lotu beharko lukeela proposatu du Jaurlaritzak.