Lehen aldiz abiadura handiko trenaren (AHT) aldeko indarrek bat egin zuten atzo Baionan. Xede horren garrantzi egituratzailea azpimarratu, eta aldeko mugimendu bateratua osatzea zuten helburu. Ardatz atlantikoaren garrantzia azpimarratu zuten Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak bildutako eragileek, hala nola Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako Kontseiluak, Kontseilu Nagusiak, EAEkoganberek eta Akitania osokoek, baita enpresaburu ugarik ere. Protesta artean sartu ziren aretora, baina beren engaiamendua sekula baino argiagoa dela erran zuten. Denbora gehiago galdu gabe, AHTa berehala burutu behar dela adierazi zuten, Europaren barnean «garapenaren trena» ez galtzeko.
«Sortutako ziurtasun faltaren kontra, indarrak bildu eta inoiz baino indar handiagorekin erakutsi nahi izan dugu. Erabat mobilizaturik gaude AHTa bururaino eramateko», erran zuen Alain Rousset-ek, Akitaniako presidenteak. Galdutako denbora milaka milioi euroko galera dela azaldu zuen, eta diru hori Europako ardatz bihurtzeko lehian direnen eskuetan gelditu direla. Hautetsiak eta eragileak mobilizatu diren bezala, informazio kanpaina eraginak antola ditzala eskatu dio RFF konpainiari.
Hitz gogorrak ukan zituen Nathalie Kosciusco-Morizet Ekologia eta Garraio ministroaren eta Bruno Lemaire Laborantza ministroaren adierazpenak gaitzesteko; bi horiek kolokan ezarri dute AHTaren xedearen egokitasuna edo egingarritasuna. «Ezin da onartu ministro batzuek zalantzan ezartzea estatuaren erabaki estrategiko bat».
AHTaren garrantzia azpimarratu zuen Gregorio Rojo EAEko Euskal Ganberetako presidenteak. «Euskal Autonomia Erkidegoa eta Akitania Europan kokatzeko elementu egituratzailea da», erran zuen. Espainiako trenbidearen zabaleraren egokitzapenak,Euskal Y-aren eraikuntza lanek eta Europaren garapen ekonomikoak Lapurdiko atalaren beharra areagotzen dutela nabarmendu zuen. Mundu zabalean ekonomia arloan eragile diren herriek, Japonia edo Alemania adibidez, AHTarensare sendoak dituztela erran zuen. Sare hori hazkunde ekonomikoaren oinarria dela gaineratu zuen.
Garbia eta soziala
Laurent Courbu Akitaniako MIGeko presidenteak esan zuen, ekonomian garrantzia izateazgain, AHTa dela ingurumenaren aldeko begirune handiena duen garraio moldea. Jakinarazi zuen egunero 9.000 kamioi ibiltzen direla Biriatuko ordainlekuan. 2020rako 12.000 kamioi ibiliko direla aurreikusi dute, eta 2035erako, 16.500. «AHT bide berriekin egunero 3.000 kamioi kenduko ditugu errepidetik». Gaur egun salgaien garraioa bi milioi tonakoa dela erran zuen. 2035ean hemezortzi tonara emendatuko dela jakinarazi zuen,
Jean Grenet Baionako auzapezak François Fillon Frantziako lehen ministroaren gutun bat irakurri zuen, eta hor zioen Frantzia AHT xedea egitera engaiatzen dela.
AHTaren alde egin dute aho batez agintari eta eragileek
Merkataritza ganberek, Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako erakundeek indarrak batu dituzte Baionan, AHTa bultzatzekoAHTa Frantziaren lehentasunetako bat dela dio Fillonek Greneti igorritako gutun batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu