Baionako eta Akitaniako merkataritza ganberek abiadura handiko trenaren proiektuaren aldeko manifestaziora deituko dute urtarrilaren 9an. Baionan izango da martxa, azpiegitura hori beharrezkoa dela aldarrikatzeko asmoz.
Nathalie Kosciusko-Morizet Frantziako Gobernuko Garraio eta Ingurumen ministroak lehengo astean AHTak estatuko hego-mendebaldean —Ipar Euskal Herrian, tartean— lukeen bideragarritasunari buruzko txostena egiteko enkargua eman zuen. Hori dela-eta aipatutako merkataritza ganberek "kezka" agertu dute.
AHTaren kontrako ekimenek aurrera jarraitzen dute, bide batez. Hala, 50en bat lagunek erakunde publikoek abiadura handiko trenaren proiektuan egiten duten gastu handia eta arlo sozialeko murrizketak salatu dituzte gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. "Murriztu nahi badute, murriztu dezatela AHTan", oihukatu dute.