Gaur eguerdian, AHTaren aurkako bizikleta martxako kideek protesta deigarria egin dute, Abandoko tren geltokian Adifek duen bulegoaren aurrean, Bilbon. Txirrindulariak, Plaza Biribilera iristean, biluzi eta eseri egin dira zirkulazioa moztuz; AHTak biluzten gaitu leloko pankarta bat erakutsi dute. Zirkulazioa hamar minutuz etenda egon da, eta auto ilara handiak sortu dira.
Horrela adierazi nahi izan dute "AHTa eraikitzen diru kopuru izugarriak xahutzen diren honetan jendearen prekaritatea eta murrizketak handiagotzen" ari direla, kaleratutako oharrean azaldu dutenez. Protesta egin dutenen iritziz, "horren errudun nagusietako bat Adif da", eta horregatik egin dute protesta bulegoaren aurrean. Uztailaren hasieran, BERRIAk argitaratu zuen Adifek larrialdi irteerarik gabe eraiki dituela AHTaren hainbat tunel. Ertzaintzak protestan ari ziren bi pertsona atxiki ditu, identifikatzeko.
Uztailaren 25ean hasi zen AHTaren aurkako bizikleta martxa Durangon, eta gaur bertan amaituko da, Basaurira iristearekin batera.