"AHTa eta beste proiektu txikitzaileak" egiteko erabilitako baliabideak jendearen zerbitzura jartzea galdegingo dute Txirrinka bizikleta martxarekin. AHT Gelditu! Elkarlana taldeak antolatu du, hainbat talde sozial eta sindikalekin batera, eta "Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzean lurra zein jendartea mehatxatzen dituzten egitasmo suntsitzaileak" salatzea dute helburu.
Gasteiztik, Muskiztik (Bizkaia), Hendaiatik (Lapurdi) eta Iruñetik abiatuko dira zutabeak, eta bakoitzak lekuko bat eramango du, mezu batekin. Lau zutabeek Bergaran (Gipuzkoa) egingo dute bat, Angiozar auzoan, AHTaren lanak egiten ari diren lekuan. Bergarako pilotalekuan ekitaldia egingo dute gero, eta zutabe bakoitzak lekukoan eramango duen mezua irakurriko dute.
Antolatzaileek gaur Donostian egin duten agerraldian azaldu dutenez, "Euskal Herriko proiektu txikitzaileen aurkako erresistentzien mapa" aurkeztuko dute martxaren egunetan. "Zutabe bakoitzak bere lurraldeko erresistentzien bilduma jasoko du", eta denak mapa batean bilduko dituzte gero. Egitasmoaren aurretik hitzaldiak, kontzertuak eta bertso saioak ere antolatuko dituztela iragarri dute; atxikimendu kanpaina ere abiatu dute.