AHTaren egitasmoaren aurka, desobedientzia zibilerako deia egin du Bizi mugimenduak. Ekintza ikusgarri baten bidez plazaratu zuten mezu hori: Baionako herriko etxeko teilatutik banderola erraldoi bat zintzilikatu zuten. AHT: Beti lasterrago, partetarantz zuzen-zuzenean esaldia frantsesez eta desobedientzia zibilerako deia euskaraz agergai izan ziren atzo goiz guztian. Hain zuzen, 10:00etan ekintza burutu eta eguraldi txarragatik Poliziak ezin izan zuelako banderola berehala kendu.
«AHTaren egitasmoa aitzina doa, eta, horren trabatzeko, desobedientzia beharrezkoa izanen da», Mattin Ihidope Biziko kideak zehaztu duenez. Hori dela eta, borroka molde hori garatzeko xedea du Ipar Euskal Herriko eragile altermundialistak. Bestalde, abenduaren 11n egitekoa den manifestaziora deitu dute.
«Ordezko planetarik ez dugu», nabarmendu dute, eta abiadura handiko trenaren egitasmoak ingurumenari eragiten dizkion kalteak salatu dituzte.
Desobeditzeko prestakuntza
Desobedientzia zibilari eta bortitzak ez diren ekintzei buruzko prestakuntza antolatuko du Bizik urtarrilaren 21ean, 22an eta 23an.
Asteburu horretan arlo teorikoa eta praktikoa jorratzeko aukera izanen dela diote antolatzaileek. Besteak beste, ekintza baten antolaketaz eta gauzatzeaz, komunikabideekin den harremanaz edota errepresioari eman beharreko erantzunaz hausnartuko dute. Urratsez urrats aurkeztuko dute borroka mota hori.
AHTaren aurka, desobedientzia zibilera deitu du Bizik
AHTaren aurkako mezua duen banderola handi bat zintzilikatu dute Baionako herriko etxeko teilatutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu