Bizi mugimenduko hemezortzi kidek protesta egin zuten atzo goizean AHT abiadura handiko trenaren egitasmoaren aurka, Pauen (Okzitania), Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorraren egoitzan. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak AHTko Tours-Bordele zatia finantzatzeko harturiko erabakiaren kontra kexatu dira ekintzaileak, eta 11 kide atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Arratsaldean libre utzi zituzten denak.
AHTko Bordele-Hendaia zatia eraikitzearen kontra eta dauden trenbideak eraberritzearen alde, manifestazioa egingo dute heldu den larunbatean, Baionan, eta martxa horrekin lotu zuten atzoko protesta ekintza.
10:30ean, Bizi-ko militante bat Kontseilu Orokorraren egoitzaren parean den zuhaitz batera igo zen, eta Deusetako ez diren eta inposatuak diren proiektu erraldoiei ez! zioen pankarta bat zintzilikatu zuen. Une horretan, Bizi-ko kide talde bat erakundearen egoitzako teilatura igo zen, eta horietako hiru rappel eginez jaitsi ziren.