Lapurdi hegoaldeko laborantza lurretan eginen duen «triskantza» irudikatzeko, CADE taldeak AHT abiadura handiko trenaren eskultura bat ezarri du, arto zelaien bazterrean, Senpereko Zaluaga II hondakindegitik hurbil. Mendixka baten tontorrean ezarri dute eskultura. AHT bidea eginen balitz, azpian tunela legoke, eta handik zuzenean aterako litzateke trena, gaur egun laborantza lur emankorrak dituen leku batean erdira. Mendebaldeko ibilbidea dela zehaztu du Victor Pachon CADEko presidenteak.
«Ez dugu AHT biderik nahi, ez mendebaldeko pasabiderik, ez ekialdekorik, ez Lapurdikorik, ez inongorik». Mendebaldeko bideak kalteak eragin ditzake, eta ekialdekoak gehiago, Pachonen esanetan. Ekialdeko ibilbidea hautatuz gero, RFF konpainiak bost trenbide eginen lituzke, Senpere eta Donibane Lohizuneko Xantako auzoen artean. Heldu den igandean, CADEk tona bateko eskultura bat ezarriko du Xantako aldeko ibilbidean, egin dezakeen «triskantza» salatzeko.
Ekialdeko ibilbidea egin ahal izateko, 30-40 metroko sakonerako lubaki bat egin beharko dute, hor kokatzeko bost bideak. Abantzu, bi kilometro luze litzateke, bidea ahal bezain zuzen egiteko. Lubaki hori ez lukete estaliko, segurtasun arrazoiengatik. Eremu horren funtzioa babesa bermatzea litzateke; alegia, tunelean istripurik balego, trenak geldiarazteko gunea litzateke ekialdekoa. Arazo teknikoak daude, baina CADEk azaldu du hori bultzatu nahi duela RFFk.
Arazo tekniko guztiak nola gainditu aztertu arte, RFFk ez du ibilbiderik hobetsiko. Gisa berean, AHTaren aurkako elkarteek deliberatu dute bi ibilbideetan xedea salatzea.
Oharra diputatuei
Legebiltzarrerako hauteskundeak iragan berriak dira, eta, orain arteko bi diputatuak kanporatu dituzten arren, berriek ere AHTa sostengatzen dute, bereziki Sylviane Alaux seigarren barrutiko PSko diputatuak. Kanpainan, erreferendum bat egiteko engaiamendua hartu zuen. «Diputatu berriaren hitzek ez dute sinesgarritasun handirik», esan du Pachonek. Berretsi du AHT xedea eztabaida eta hauteskunde kanpaina guztien erdian egonen dela .
AHTaren aurkako eskultura bat ezarri dute Senperen
Lapurdi mendebaldeko balizko bidean ezarri dute, irudikatzeko «triskantza» izango dela laborantza lurretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu