Abiadura handiko trenari ezetz errateko inoiz baino arrazoi gehiago bada egun. Horixe nabarmendu dute azpiegitura horren kontrako Tafallako batzarreko kideek. Manifestazioa antolatu dute AHTaren aurka. Hilaren 25ean eginen dute, Tafallan bertan, 19:00etan, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Nafarroako AHTaren korridorearen proiektua bertan behera gelditu eta gero, "erokeriatzat" jo du batzarreko kide Pedro Leraltak Nafarroak Castejon eta Iruñea arteko zatiari eustea. Izan ere, Castejon eta Iruñea artean abiadura handiko trenaren proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak, Zaragozarekin (Espainia) eta Gasteizekin loturarik izanen ez duen arren. Gainerako zatietan egungo trenbidea egokitzea erabaki du administrazioak, hirugarren errailaren bidez Europak ezartzen duen zabalerara egokituz.
Castejon eta Iruñea arteko lanak bertan behera uzteko eskatu dute Tafallako AHTaren kontrako batzarreko kideek. "Trenaren alde gaude, baina AHTaren aurka. Hirugarren errailaren aukera da logikoena trenbide osorako", gaineratu dute.Manifestazioari atxikimendua agertu diote, bertzeak bertze, Lurrak, Gurelurrek, Ekologistak Martxan-ek, Sustrai Erakuntza Fundazioak, Mugituk, ELAk, LABek eta ESK-k.