AHT Gelditu taldeak "helegite kolektibo bat" aurkeztu du gaur goizean Basauri-Bilbo AHTaren zatiaren kontra, Espainiako Gobernuaren Bilboko ordezkaritzan. Tren lasterraren aurkako taldearen ordezkari Xabier Jimenezek azaldu du helegiteak 300 lagunen baino gehiagoren sostengua jaso duela. Ez zaie samurra izan, ordea. Proiektuari errekurtsoak aurkezteko Sustapen Ministerioak emaniko epeaz —hilabete bakarrekoa soilik— kritiko agertu da Jimenez, zailtasunak izan dituztelakoan. Oro har, tramiteak gibelatzen ahalegindu dira koordinakundeko kideak, ministerioa erantzun bat ematera derrigortzeko asmoz, baina trabekin baino ez dute topo egin. "AHTaren aurkakoen kexu hotsak isilarazi nahi ditu ministerioak", txarretsi du Jimenezek.
Zati horrek hiru moldaketa jasan ditu azken hamabost urteotan. Hasieran, Basaurin zubibide eta tunel bana eraikitzea zen asmoa, Ollargan auzoarekin lotu eta AHTa Renferen hirugarren errailetik igaro zedin. 2010ean, alabaina, aldaketa nabarmenak egin zizkioten proiektuari, orduko Sustapen ministro Jose Blancoren eskutik. Zubibideari eutsi arren, tunela Bilbo-Abando tarteraino egitea erabaki zuten, geltoki intermodalaren proiektuari bide emanda. AHT Gelditu elkartearen esanetan, proiektu horrek Renfek egun dauzkan trenbideak "lurperatuko" lituzke, eta eremu libre hori "espekulaziorako" erabiliko litzateke.
Basauri-Bilbo tartearen azken moldaketak, gainera, bidea Basauritik Abusu auzora zabaltzeko aukera baztertzen ez duela ohartarazi du Jimenezek. "Jakin bazekiten ez zutela egitasmoa onartuko, eta polemika eragin zuen ekarriko lukeen kostu handiagatik". Horren harira, abiadura handiko trenaren aurkako koordinakundeko eledunak salatu du 200 milioi euroko kostua eragiteaz gain, tarte hori akuiferoetatik igaroko litzatekeela eta lur-jausiak eragingo lituzkeela. Ildo beretik, Jimenezek oroitarazi du gaur-gaurkoz ez dagoela AHTaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzen duen ikerketarik.