Adifek, Espainiako trenbide azpiegituren kudeaketaz arduratzen den erakunde publikoak, moldatu egingo du AHT abiadura handiko trenaren bidea Basauriko zatian (Bizkaia). Herriari ahalik eta kalte gutxien egiteko eskatu zion joan den abuztuan Andoni Busquet Basauriko alkateak Adifeko presidente Enrique Verdeguerri, eta eskaera aintzakotzat hartu du Verdeguerrek.
Indarrean dagoen proiektuak baserriei egingo liekeen kaltea gutxituko da egitasmo berriarekin. Izan ere, egungo planak jasotzen duenaren arabera, Bilborako noranzkoan Renfeko trenak San Migel auzotik dira igarotzekoak. Burdinbide horrek utzitako lekuan egin nahi dute tren lasterraren bidea. Verdeguerrek udalari agindu dionez, ordea, Bilborako trenbidea ez dute mugituko, Urduñarakoa baizik. Errail hori Sidenor lantegia dagoen lekurantz mugituko dute, eta hark utzitako lekua beteko du AHTaren bideak.
Maiatzean batzartu ziren Adif eta Basauriko Udala gaiaz eztabaidatzeko, Busquetek jakinarazi duenez. «Kontuan izan dute egin genien eskakizun nagusia, eragina gutxitzea», azaldu du. Hala eta guztiz ere, ohartarazi du plan berriarekin sortutako zenbait zalantza argitu gabe utzi dituela Adifek, eta horiei erantzuteko eskatu dio Busquetek, «herritarrengan kontrako jarrera ez sortzeko».
Lapatzan egitekoak diren geltokiaren ingurukoa da zalantza nagusia, bertara sartuko diren burdinbideek osatutako zabalera aldatu egingo da eta. Adifek, Bilbao Ria 2000k eta Basauriko Udalak hitzartu zutenaren arabera, geltoki berriaren eraikuntzak Pozokoetxeko geltokia eraistea dakar, orube horretan etxeak eraikitzeko.
Proiektua aldatuta, ordea, udalak dudak azaldu ditu Lapatzako geltokiak burdinbide guztiak barne hartzeko duen gaitasunaren inguruan, eta, ondorioz, ezbaian jarri du Pozokoetxeko geltokia botatzerik izango ote duen. Egitasmo berriarekin ere geltoki zaharra desegin ahal izango dutela ziurtatzea galdegin dio Busquetek Verdeguerri.
Alde horretatik, Adif urratsak egiten hastea nahi du alkateak. Pozokoetxeko geltokira sartzen diren burdinbideak desegiten hasteko eskatu du, lurzoru horretan etxeak eraikitzeko lanak hasi eta era horretan dirua eskuratzeko, Lapatzako geltokiaren lanak finantzatzeko asmoz. Gaur-gaurkoz, Adifek ez dio erabilerarik ematen geltoki zaharrari.
Marmokaz jantzita, protestan
Mugitu taldeak kalejira bat egin zuen herenegun eguerdian Donostian, AHTaren aurka protesta egin eta Eusko Jaurlaritzaren politika «xahutzaile, txikitzaile eta epe laburrekoak» kritikatzeko. Exekutiboak Gipuzkoako hiriburuan duen egoitzaren ataritik abiatu ziren, 11:30ean, eta Kontxa hondartzan zehar ibili ziren. Tren lasterrak ingurumenari eta ekonomiari eragiten dion kaltea salatu zuten, eta marmoka beltzez mozorrotu ziren horretarako: «Euren garro pozoitsuekin lurraldeari, ekonomiari, lan eskubideei, eskubide zibilei, ingurumenari, osasunari eta patrikari kalte egiten ari dira».
Hainbat alorretan murrizketak egitea eta, aldi berean, AHTko lanak azkartzea aurpegiratu dio Mugitu-k Jaurlaritzari: «Euskal Y-aren kilometro bakoitzak 30 milioi euroko kostua du, hots, Hezkuntza Ertaineko 800 irakasleren parekoa». Adierazi dute Patxi Lopezen gobernua «tematuta» dagoela tren lasterrarekin, eta «proiektu txikitzaileen aurkako desobedientziara» deitu ditu herritarrak.
AHTaren Basauriko zatia aldatuko du Adifek, baserriei kaltea gutxitu nahian
Renfeko trenak San Migel auzotik ziren igarotzekoak, baina Sidenorrerantz mugituko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu