AHTaren bidea, naturaren jabe eginik

Azpiegiturak Nafarroako herrietan egingo duen kaltea irudikatu du AHT Geldituk; proiektua gizarteratzeko helburua duUztailean hastekoak dira lanean, Castejonen, oraindik ibilbide osoa zehazteko badago ere

Axitarteko haitzetatik hurbil igaroko da bidea Irurtzun parean. A-15 autobidea ere bada lehendik inguru horretan. AHT Geldituk irudikatu du. AHT GELDITU! ELKARLANA.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Aurki, uztailean bertan, hasi nahi dute AHTa eraikitzeko obrekin Nafarroan. Lanak aurreratuxe dituzte, baina besterik da zer dakiten herritarrek horiei buruz. «Gehienek ezjakintasun handia dute proiektuaren inguruan. AHTa bultzatzen duten erakundeen jardunaren ondorio da hori: ez dute esan nahi zer dagoen honen guztiaren atzean», salatu du AHT Gelditu Elkarlaneko kide Aitor Elizaldek. Urratsa egin, eta Nafarroako herrietan trenbideak nolako eragina izango duen erakutsi nahi diete herritarrei. Azpiegiturak izango duen eragina irudikatu dute, urte gutxiren buruan Nafarroan izan litekeen argazkiaren erakusgarri.

Castejonen ekingo die lanei Nafarroako Gobernuak. Espainiako Gobernuarekin hala adostuta, Iruñeko gobernuak bere gain hartuko du herri horretatik Iruñe alderako zatia. Madrilek pagatuko dio gastua, ondoren. Castejon eta Alesbes arteko lanekin uztailean hasi nahi dute; areago, Ezkirotz arteko zati guztiak lanean izan nahi dituzte urtea amaitu baino lehen. Inguru lauagoa da Nafarroako hegoaldekoa, eta uste izatekoa da iparraldean baino eragin txikiagoa izango duela. Trenbideak eragingo du, hala ere. «Tafalla aldea, adibidez, kaxoi baten moduan utziko luke AHTak. Lehendik bada han autobide bat. Trenbideak hesi efektua handitu egingo luke», esan du Elizaldek.

Zenbat eta iparralderago, eta orduan eta handiagoa da kaltea. Menditsuagoa da ingurua, eta lur mugimenduak eta tunelak egin beharko lituzkete. «Mendien barreneko prozesu guztiak aldatuko lituzkete. Egindako txostenetan diote larria izango dela eragina, baina haiek ere ez dakite zenbatekoa izango den». Handia da kaltea, herriguneetan ere bai. «Galarren eta Beriainen, etxeetatik oso bertan pasatuko da bidea. Eta, egia esanda, askok jakin ere ez dakite». Aurten hasiko dira lanean herri horietan.

Soinu handia eta kutsadura elektromagnetikoa jasango dituzte herritarrek, Elizalderen hitzetan. «Energia kopuru izugarria eskatzen du AHTak, eta hori betetzeko bitartekoak jarri behar dira». Castejongo adibidea jarri du; han hasiko da AHTaren Nafarroako korridorea, bi zentral termiko dituen herrian. «Jendaurrean ez dute onartuko, baina ziur gaude AHTaren beharrak betetzeko baliatuko dituztela».

«Trenbide hila»

Castejondik Iruñerrirako bidea aurten hasi nahi dute, baina argitzeko auziak badaude oraindik. Iruñean geltokia egin nahi dute, eta Etxabakoitz auzoa erabat aldatu. «Kolpetik aberasteko beste saio bat da: 9.000 etxe egin nahi dituzte. Auzo bat baldintzatu nahi dute erabat». Oinarrizko beste arazo bat ere bada: Nafarroako korridorea egin bai, baina trenek hara heltzeko modua nola egingo duten. Castejonera arteko zatia—Tuteran barrena sartuko da Nafarroan— Espainiako Gobernuari dagokio, eta atzeratuta dago. Behia baino lehen zintzarria lortu nahi dutela salatu du Elizaldek: «Obrak hasteko asmoa dute, proiektu osoa lotu gabe badute ere». Gerta daiteke Castejondik Iruñerako bidea egina izatea, baina Castejonera trenak ez iristea. «Trenbide hil bat izan daiteke».

Edo izan dezake Iruñerainoko bidea, eta handik aurrerakoa egiteko geratzea. Gipuzkoarekin nondik lotu ez dute erabaki oraindik. Hiru aukera dituzte aztergai, denak ere Aralar mendikatea zeharkatuko luketenak, tunelen bidez. «Nahitaez zulatu beharko lukete, eta Aralar mendizerran oso kalte handiak sor daitezke». Altsasu eta Ezkio-Itsaso lotzeko proiektuak du aukera handien. Elizaldek onartu du «txarrenetan onena» litzatekeela ibilbide hori.

Obrak aurreratzen ari direla ikusita, gizarteratzeko lana indartzea erabaki du AHTaren aurkako elkarlanak. «Proiektua ezagutzen dutenen artean, gehien-gehienak daude aurka. Badugu itxaropena hau gelditzeko». Larunbaterako jarri dute horretarako mugarria. Manifestazioa egingo dute Iruñean, 18:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.