Abiadura handiko trenaren Beasaingo (Gipuzkoa) lanak bisitatzen izan dira gaur goizean Eusko Jaurlaritzako eta Akitaniako Kontseilu Nagusiko ordezkariak. Bi erakundeek AHTarekin duten konpromisoa berretsi dute. "Helburu berak ditugu", adierazi du Bernard Uturri Akitaniako Kontseiluko Garraiorako presidenteordeak. Antzera mintzatu da Ana Oregi Ingurumen sailburua, eta azaldu du Gipuzkoan ia zati guztiak daudela emanda. Halaber, duela egun batzuk Jokin Bildarratz senatariak Espainiako Gobernuari egindako proposamena berretsi du. "Prest gaude Bizkaiko eta Arabako lanak gure gain hartzeko, eta, ondoren, Gipuzkoan egin den moduan, kupo bidez deskontatzeko. Espainiako Gobernuaren erantzunaren zain gaude".
Oregik gogorarazi du Eusko Jaurlaritza AHTarekin duen konpromisoa betetzen ari dela, eta hala egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari ere. "Atlantikoko korridorea lehentasunezkoa dela esan du behin eta berriz. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da". Jaurlaritzak emandako datuen arabera, AHTaren sei zati amaituta daude, eta beste 25etan lanean ari dira.