Nafarroan AHT abiadura handiko trenaren lanekin hasteko tramiteekin aurrera jarraitzen dute erakundeek. Oraingoan Castejon-Alesbes zatia eraikitzeko proiektua onartu du Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioak. Zati horrek 14,7 kilometro ditu, eta 58,8 milioi euro kostatuko da, Sustapen Ministerioak emandako informazioaren arabera. Castejon eta Alesbes artekoa Castejon-Iruñea zatiaren proiektua da.
Sustapen Ministerioak dio lurren okupazioa beharrezkoa izango dela Valtierran, Cadreitan eta Alesbesen. Horri dagokionez, Sustapen Ministerioaren oharrak dio hainbat tramitazio jarriko dituztela martxan eraikitze proiektua onartzearekin batera. Besteak beste, Nafarroako eta Espainiako buletin ofizialetan argitaratuko dituztela lurren derrigorrezko desjabetzeak.
Onartutako proiektuak ingurumen integrazio eranskina dauka, Castejon-Iruñea AHT korridorearen azterketa informatiboaren Ingurumen Eraginaren Deklarazioari egokitua.
Castejon eta Iruñea arteko zatiak bost azpizati dauzka: Castejon-Alesbes (14,7 kilometro); Alesbes-Erriberri (15 kilometro); Erriberri-Tafalla (15 kilometro); Tafalla-Tebas-Muru Artederreta (15,2 kilometro); eta Tebas-Muru Artederreta-Ezkirotz (10,2 kilometro).
Elkarlan hitzarmena
Sustapen Ministerioak gogorarazi du joan den apirilaren 9an hitzarmen bat sinatu zutela Espainiako eta Nafarroako gobernuek AHTa egiteko. Elkarlan hitzarmenean zehaztu zituzten baldintzak eta betebeharrak Iruñea eta Zaragoza arteko AHTa 2015ean martxan egon dadin.
Hitzarmen horren arabera, obrak Nafarroako Gobernuak finantzatuko ditu. Ondoren, Espainiak itzuliko dio dirua Nafarroari, Adifen aurrekontuen bidez, 2013 eta 2017 bitartean.
Obren kostua 675 milioi eurokoa izango da: 362,65 milioi trenbidearen plataforma ordaintzeko dira, eta beste 287 milioiak gainegiturako lanak ordaintzeko erabiliko dira. Horiek ez ezik, lurrak desjabetzea, proiektuak idaztea eta lanak zuzentzea ordaindu beharko dute diru horrekin.
Zaragoza eta Iruñea arteko abiadura handiko trena Kantauri-Mediterraneo korridorearen barruan kokatu du Espainiako Gobernuak. Linea horren barruan sartu dute ere Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko lotura. Hain zuzen ere, lotura hori nondik egin aztertzen ari dira Nafarroako, Espainiako eta EAEko gobernuek osatutako batzorde batean.
Guztira, 3.000 milioi euro inguru balioko du abiadura handiko trena Nafarroan egiteak. Besteak beste, ahalegin ekonomiko handi horren ondorioz, kritika ugari jaso dituzte proiektuaren bultzatzaileek.
AHTaren Castejon-Alesbes zatiaren eraikitze proiektua onartu du Madrilek
14,7 kilometroko zatia onartu du Sustapen Ministerioak, eta 58,8 milioi euro kostatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu