AHTaren Gipuzkoako hiru zatiren aurka, 1.200 alegazio aurkeztu dituzte

Informazio eza salatu dute, eta adibide gisa jarri dute bi udaletara orain iritsi dela eraikuntza proiektua

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenaren Gipuzkoako Urnieta-Hernani, Andoain-Urnieta eta Tolosa-Hernialde zatietako lanen aurka, 1.200 alegazio aurkeztu dituzte herritarrek. Azaroaren 19an amaituko da epea, eta AHTaren aurkako taldeek herritarrei dei egin diete alegazio gehiago aurkezteko. Atzo aurkeztu zituzten Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzan orain arte lortu dituzten alegazioak, eta bulegotik irtetean Guardia Zibilak identifikatu egin zituen.

Hiru zati horietan, «beste guztietan bezalaxe», instituzioek informazioa ezkutatu dutela salatu dute alegazioetan, eta Tolosa eta Andoaingo udalen adibidea jarri dute. Halaber, Hernani eta Hernialdeko udaletxeetara ez dela ia informaziorik iritsi salatu dute, nahiz eta Jaurlaritzara behin baino gehiagotan informazio eske deitu. Gainera, euren esanetan, nahitaezko desjabetze prozesua jada hasi denean eta obrak hasteko denbora gutxi falta denean bidali dute eraikuntza proiektua.

323 milioi euro

Hiru zati horiek egiteko «izugarrizko dirutza» xahutuko dutela jakinarazi dute: Tolosa-Hernialde zatia egiteko, 113 milioi euro; Urnieta-Hernani artekoa egiteko, 130 milioi euro, eta Andoain-Urnietarako, 80 milioi euro. Euren arabera, herritar bakoitzari 4.790 euroko kostua eragingo dio. «Noren beharrak asetzeko? Gizarteak bizi duen egoera ikusita, diru horrekin gauza asko hobe daitezke».

Tolosa-Hernialde zatiari dagokionez, nabarmendu dute hiru etxe botako dituztela eta 50 lurjabe lurrik gabe utzi dituztela. Tartean lur publikoak daudela diote. Tolosako zatian jada lanean ari dira, eta lurrak Alegiako Eguzkitza zabortegira eramaten ari dira, «nahiz eta zabortegi horrek baimen batzuk ez izan».

Bestetik, Urnieta-Hernaniren arteko zatiak Urumea bailara «erabat hondatuko» duela esan dute alegazioetan, eta adibide gisa jarri dute Astigarragako geltokia ibaiaren gainean eraikiko dutela. «Bi kilometrotan ibaia guztiz suntsituko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.