azpiegiturak

AHTaren Gipuzkoako zatia 2016rako bukatuko dutela ziurtatu du Oregik

Azpiegiturei buruz, "haizea hartzeko" gelditu behar dela adierazi du Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak. Donostiako metroa eta Pasaiako kanpoko kaia ez direla beharrezkoak berretsi du, eta dentsitate handiagoko hirigintza eredu baten alde egin du, ahalik eta lur gutxien okupatzeko.

2013ko apirilaren 5a
11:55
Entzun

'Euskal Y'-a noizko bukatuko den datarik ezin duela jarri, baina Gipuzkoako obrak 2016ko udarako bukatuko dituztela ziurtatu du Ana Oregi Eusko Jaularitzako Ingurumen sailburuak.

Lurralde politikari buruzko hitzaldi bat eman du Oregik gaur, Forun Europa topagunean, eta AHT abiadura handiko trenari buruz galdetu diote han.

Gipuzkoako obrak "oso ongi" doazela erantzun du Oregik; Eusko Jaurlaritzaren esku daude herrialde horretako AHTaren obrak.

Bizkaiko eta Arabako zatietako lanak, ordea, Espainiako Sustapen Ministerioak kudeatzen ditu, eta zati batzuetan obren lehiketak, baita obrak berak ere, geldirik daude, ministerioaren murrizketen eta finantzaketa arazoen ondorioz.

Oregik berak eta Jaurlaritzak proposatu izan dute, Bizkaiko eta Arabako zati batzuk eta AHTaren geltokietako obrak bizkortzeko, Jaurlaritzak har dezakeela zati horien finantzaketa aurreratzeko konpromisoa.

Gipuzkoako zatiko lanak hala ari dira egiten; Jaurlaritzak aurreratzen du obra horien finantzaketa, eta gero kontzertu ekonomikoaren kupotik deskontatzen dio Espainiako Gobernuak.

Nolanahi ere, BERRIAk jakin ahal izan du Madrilek kupo bidez itzuli behar zituen ehun milioi euro baino gehiago zor dizkiola Jaurlaritzari.

"Haizea hartzeko" gelditu

Beste azpiegitura batzuei buruz ere hitz egin du gaur Oregik. "Gelditu behar dugu, haizea hartzeko, eta ikusteko zeintzuk diren azpiegitura beharrak. Oparoaldian, azpiegituren aldeko apustu handi bat egin dugu, eta orain balioa eman behar zaie, lanean jarri".

Donostia aldean metroa egiteari buruz, ziurtatu du proiektua "ekonomikoki bideraezina" zela. Bestalde, baimen administratibo ugari falta zituela eta, beraz, obrak bi urte barru arte ezingo zituztela hasi ziurtatu du:  "Presaka egin zen. Ez ziren  ondorioak neurtu".

Pasaiako portuari buruz, berriz, azaldu du "funtsezkoa" dela, eta etekin handiagoa atera behar zaiola, baina errefusatu egin du kanpoko kaia egiteko aukera. Aldiz, Pasaiako portuak eta Bilbokoak elkarlanean jardun behar dutela uste duela erantsi du.

Hirigintzari buruz ere hitz egin du Ingurumen sailburuak. Etxebizitzen dentsitatea handitzearen alde egin du; "ezinbestekoa da iraunkortasunari eusteko". Lehen sektoreari eta natu guneei lur gehiago ez kentzeko eta mugikortasuna errazteko, beharrezkoa dela azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.