Lapurdiko AHT abiadura handiko tren xedea birrintzen ari dela adierazi du CADE elkarteak. Frantziako Gobernuak abenduaren 15ean antolatutako tren egitasmoaren inguruko mintegiaren ondoren egin ditu adierazpenak. Nathalie Kosciusko-Morizet Frantziako Garraio eta Ingurumen ministroaren hitzak nabarmendu ditu; izan ere, errentagarriak izan daitezkeen AHT bide guztiak dagoeneko eginak direla erran zuen Kosciusko-Morizetek. Egin gabekoak ez direla errentagarriak adierazi du CADEk. Kosciusko-Morizetek jakinarazi zuen Frantziak ez zuela aski diru egungo bideak arraberritu eta xede berriak egiteko.
Tren xedeen mintegiak jakinarazi zuen trenbideen higadura uste baino handiagoa dela. Hastapenean hogei urteko iraupena aurreikusten bazuten ere, hamahiru urtera mugatu da errealitatean. Finantzaketa alorrean ere uste baino zailtasun handiagoak daudela azaldu du CADEk. Herve Mariton tren garraiorako antolaketa eskemaren arduradunak egindako txostenean hazkuntza apalduko dela azaltzen da.
«Frantziako Gobernuak urrats bat egiten du aitzina, eta gero gibelera; horrek argi erakusten du AHTaren oinarriak mugitzen ari direla», erran du CADEk. Xedea behin betiko baztertzeko, herritarren mobilizazioa funtsezkoa izanen dela adierazi du. AHT xedea suntsitzailea izateaz gain, neurriz kanpoko diru xahutzea ere badela berretsi du CADEk.
Hitzak epelduz
Tren garraioari buruzko mintegiaren ondoren, Lapurdiko AHT xedea bertan behera geldituko zela eman zuen aditzera Garraio ministroak. Adierazpen horiek AHTaren aldeko eragileen protestak eragin zituzten, eta iragarri zuten xede horren aldeko mobilizazioa egingo dutela otsailaren 9an. Sud-Ouest kazetari emandako elkarrizketan, ordea,ministroak erran du horrelakorik ez duela adierazi: «Hartutako engaiamendu guztiak beteko ditu Frantziako Gobernuak, eta horien artean dago Bordele eta Espainia arteko AHT xedea».
Kosciusko-Morizetek azpimarratu du estatuak Lapurdiri dagozkion bi engaiamendu hartu dituela, batetik balizko ibilbidearen finkatzea eta, bertze alde batetik, interes publikodun inkesta bururatzea. Prefetak urtarrilean helaraziko dio ibilbidearen egitasmoa ministroari.
AHTaren xedea birrinduz doa, CADEren iritziz
Frantziako Gobernuak tren lasterrarekin hartu engaiamenduak beteko dituela erran du Garraio ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu