Eusko Jaurlaritzak, aurten, 830 milioi euro jarriko ditu AHT abiadura handiko trena egiteko. «Zulo» horretara diru gehiago ez botatzeko eskatu du Mila Elortza AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak. Tren lasterraren lanak gelditzeko eskatuz, Hernanin (Gipuzkoa) giza katea egin zuten atzo, eta martxaren ostean hitz egin zuen Elortzak. Kultura, osasun eta hezkuntza arloetan inbertsioak egiteko premiak badaudela eta murrizketak «guztiek» pairatzen dituztela seinalatu du. Horrela gaitzetsi du erakunde publikoek tren lasterra sustatzeko hartu duten asmoa.
Protesta obretara eraman nahi zuen AHT Gelditu! Elkarlanak eta, horregatik, Hernaniko Elorrabi baserriaren aurrean zuten hitzordua atzo, giza katea egiteko. Hernaniko erdialdetik hiru bat kilometrora, dozenaka lagun batu ziren. Baserri, landa eta nekazari lurrak dira Hernanin AHTko obrek ukitu dituztenak. Urtearekin hasi ziren lurrak markatzen, eta martxotik abiada handia hartu dute lanek. «Gure lurretik bizitzeko aukera desagertzen ari da», salatu du Elortzak, tren lasterraren lanek nekazaritzarentzako «oso aberatsak» diren lurrak desegingo dituztela zehaztuz. Beste eredu bat posible eta egingarri dela aldeztu du, eta AHTak etorkizuna «hipotekatu» egingo duela ohartarazi.
17:30 aldera abiatu ziren manifestariak, orgatxo batean zeramaten musika ekipotik aldarriak eta kantak emanez. Eskutik helduta joan ziren, giza katean, obrak egiten ari diren eremuaren erditik. 800 metroko luzera izango duen eta lurretik 22 metroko garaieran altxatuko den zubi bat eraikitzen hasiak dira eremu horretan. Sagastiak eta landa lurrak zirenak hesiz itxi dituzte, lanerako, eta bailara zeharkatzen zuen errepidea zabalik baina hesi horiez inguratua gelditu da. Handik egin zuten aurrera manifestariek, obretarako sarbideetan jarri ziren ertzainen aurretik. Obrak atzean utzi zituzten arte, Ertzaintzaren ibilgailu batek jarraitu zituen atzetik. Behin lanak atzean utzita, eskuak askatu eta manifestazioan joan ziren; ertzainak ere obren eremuan gelditu ziren. «Ama Lurra defenda dezagun!» eta «Ez, ez, ez, AHTrik ez!», oihu batzuk egin zituzten bidean; hala jarraitu zuten Karabel auzoraino.
Manifestazioaren ibilbidea ezohikoa, baina ez zen kasualitatez aukeratua izan. «Urumea ertz honetan ikusten da egiten ari diren txikizioa», nabarmendu du Mikel Alvarez AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak: «Oso kalte handiak egiten ari dira Urumean». Hernani-Urnieta zatiko lanak dira Elorrabi inguru horretan egiten ari direnak. Urumea ibaia eta inguruko errekak lau aldiz zeharkatuko dituzte lanek.
Hernaniko sagardotegi ezagun askoren ondo-ondotik doa trenaren ibilbidea, eta herritarrek paseatzera maiz jotzen dute bertara. Onddi eta Adarra mendien magalak ere zulatzen hasi direla nabarmendu du Alvarezek. Horregatik, «herri ondarea» suntsitzen aritzea leporatu die tren lasterra sustatzen ari diren erakundeei. Gogorarazi du Eguzki talde ekologistak egin duen azken salaketetako bat: Urumea kamioiek gurutzatzeko, proiektuan zehaztua ez zegoen igarobide bat eraiki dute. Horrek eragindako «kalte handiak» gaitzetsi ditu.
«Sekulako txikizioa»
AHTak, Hernanin, denbora gutxian, «sekulako txikizioa» egin duela azaldu du Luis Intxauspe Hernaniko alkateak. Jakinarazi du kamioiek hautsi dituztela bide batzuk, eta zirkulazioa «izugarri handia» dela. «Bizitzen ari garen krisi ekonomikoak agerian utzi du eredu hau ez dela ez beharrezkoa, ez bideragarria», adierazi du, Pasaiako kanpoko kaia, Zubietako errauste planta eta AHTa egiteko asmoak kritikatuz: «Baina, hala ere, obrak hementxe daude».
Dagoeneko tren lasterrarentzat Hernanin lur asko desjabetu dituztela azaldu du. Baina Donostiako geltokiaren proiektua urte bukaerarako zehaztuko dutela agindu diete udal ordezkariei, eta ordutik aurrera lur gehiago desjabetuko dizkiote herriari. Informazioa eskuratu ezinik ibiltzen direla salatu du Intxauspek, gainera.
Giza kateak 120 bat lagun batu zituen; handitzen joan zen Karabel auzora gerturatu ahala. Han bukatu zen martxa, eta Andoni Tolosa Hernaniko AHTaren kontrako taldeko kideak hartu zuen hitza. Porlanak nekazaritza lurrei eragindako aldaketez ohartzea ez dela «nostalgia ariketa» bat abisu egin zien manifestazioan bildutakoei: «Etorkizunaren aldarria da». Ohartarazi zuen «hazkunde neurrigabea» bultzatuz etorkizunik ez dagoela: «Zulo bakoitzak, eztanda bakoitzak... ez garamatza etorkizunera». Baliabideen ustiaketa «burutsuagoa» egingo duen eta pertsonen arteko harremanak zainduko dituen eredu baten alde egin zuen.
Goizean Urumea ibaiaren jaitsiera egin zuten atzo, hura ere AHTaren aurkako aldarriekin. 19:00ak aldera batu ziren jaitsiera egin zutenak eta giza katean joan zirenak, eta kalejiran igo ziren Hernanira, protesta bururatzeko.
AHTaren «zuloa» ez handitzeko aldarria
Hernaniko obretara eraman dute protesta, eta AHTko lanek «txikizio» handiak egin dituztela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu