Ingurumena. AHTko tunelak

AHTko lanek Udalatxeko iturburu bat idortu dute, eta uholdeak izan dira tunelean

Udalatxeko akuifero karstikoetan eraginiko kalteen ondorioz, Arrasateko hainbat auzok galdu egin dute doako ur horniduraAlbertia, Eguzkiza eta Mendigaingo tuneletan ere arazo handiak izaten ari dira

Aramaioko zubibidea, obratan. Eremu geologiko ezegonkorrean dagoela salatu dute. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
inaki petxarroman
Donostia
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Gauza jakina zen Euskal Y-aren lanek kalte handiak sortuko zituztela Udalatx mendiko akuifero eta iturburuetan. Hala aitortua zuen Espainiako Sustapen Ministerioak berak egindako Ingurumen Eraginaren Deklarazioan. Hori aurreikusita, Udalatxeko ikerketa hidrogeologikoa agindu zuen, eragin hori neurtzeko. Bada, Udalatx barruan egitekoak diren bi tuneletatik bakar batean lanean ari direla, jadanik baieztatu dira iragarpenik txarrenak.

Adifek berak aurtengo ekainean egin dituen jardunaldi tekniko batzuetan aitortu du uholde handiak izan dituztela jadanik tunelean —bi aldiz gutxienez—, euriteek eta karsteko akuiferoek eraginda. Tunelaren eraikuntzaren ondorioz, Bostiturrietako iturburua lehortu egin dute, eta Kobateko iturburuari nabarmen kalte egin diote lohi eta obra isurketekin.

BERRIAk eskuratu du Adifeko Geologia eta Geotekniako kabineteko buru Luis Serranok aurkeztu zuen txostena. Txosten horretan azaltzen dira Udalatx barruan izandako kalte horiek.

Esaterako, Bostiturrietako iturburutik urez hornitzen ziren Arrasateko hainbat auzo —Garagartza, Gesalibar, baita Markuleteko industrialdea ere— iturburua lehortu zuten arte, alegia, iazko martxoaren 28ra arte. Gaur egun, Urkulluko urtegiko hornitze sistemaren barruan daude bi auzoak. Hala, lehen doan zuten ur hornidura Urkulluko urtegitik jasotzen dute orain, baina ordainduta. Arrasateko Udalak baieztatu du 2010eko martxoaren 28tik ez dutela Bostiturrieta eta Kobateko urik erabili.

Egun horretako datuetan bertan ohartu ziren jaitsiera handia izan zela bi iturburuetako ur emarian. Hain zuzen ere, tunel barruan ari zirenek ur kolpe handi bat jasan zutela aitortu du Adifek, makinak iturburuaren sistema ukitu eta eten zuelako. 2.000 eta 2.800 metro kubo arteko ur kopurua isuri zen Bostiturrietatik tunelera, eta iturburua lehortu egin zen, betiko. Bakarrik eurite handiak daudenean berreskuratzen du ur apur bat Bostiturrietak. Arrasateko Udaleko ingurumen teknikari Rafa Ugarte kexu agertu da Adifek ez diolako udalari inolako informaziorik eman tunelaren barruan izan diren arazoen inguruan.

Ez da hori izan Arrasate (Gipuzkoa) eta Elorrio (Bizkaia) arteko tunelaren ondorioz karsteko akuiferoetan jasandako kalte bakarra. Tunel barruan uholdeakizan dira behin baino gehiagotan: iazko maiatzeko euriteetan tuneleko 500 metroko tarte bat urez gainezka geratu zen, eta ekainekoetan kilometro batekoa. Halakoetan, urak Kobateko iturburura askatu dituzte, lokatzez beteta. Bi iturburu horiek —Bostiturrieta eta Kobate— lotuta daude. Bostiturrieta lehortzeaz gain, Kobateko ura kutsatuta dago, baita handik amildegiratzen diren hainbat errekasto ere.

Aldi berean, Bostiturrietako iturburuaren hornitze sistema pitzatu zutenean bezala, Abolako iturburuaren zenbait ubide ere moztu dituzte lanek, eta ur kolpeak pairatu dituzte tunel barruan horren ondorioz, Adifen txostenaren arabera. Abolako iturburua, ordea, ez dela lehortu adierazi du Adifek.

Euskal Y-aren ibilbidearen zatirik handiena —105 kilometro inguru— tunel azpitik doa, ibilbide osoaren %60 inguru. Ibilbide horretan lur barruko hiru akuifero garrantzitsuri egingo die kalte tren lasterrak: Gasteiz, Hernio eta Aramotzi. Aramozko unitatearen barruan dago Udalatx ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapa hidrogeologikoaren barruan hemeretzi unitate hidrogeologiko nagusi daude. Horien barruan daude Gasteiz, Hernio eta Aramotz. Oraingoz, AHTaren lanak Aramotz eta Hernioko sistemetan daude hasita.

Udalatxen dago kokatuta Euskal Y-ko korapiloa —hiru lurraldeetako trenbideak batuko dituen plataforma—. Bi tunel ditu: 3,1 kilometrokoa bat, Arrasate eta Elorrio artean; eta 6,9 kilometrokoa bestea, Arrasate eta Bergara artean. Tunel hori da, hain zuzen ere, ibilbide osoko luzeena. Zati hori azterketa fasean dago une honetan.

Albertiako arazoak

Udalatxen ez ezik, tren lasterraren ibilbideko beste hainbat tuneletan ere arazo handiak izan dituzte, Adifek jardunaldi haietan aitortu zuenez. Albertiako tunelean, esaterako, anhidritak eta igeltsu harriak topatu dituzte. Horrelako materialak hidratatzen direnean puztu egiten dira, eta presio handia egiten diote tunelaren estalkiari. Hala, isurtzeak izan dituzte. Alegia, gunitaren desegitea eta erortzea, pitzadurak eta altxatzeak. Ondorioz, indargarri ugari erabili behar izan dute egoerari aurre egiteko. Aldi berean, anhidritek eragindako puzteari aurre egiteko, irtenbide zorruna baliatu dute. Albertiako tunela Legutio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artean ari dira eraikitzen, eta 4,7 kilometroko luzera du.

Abadiño eta Durango artean ere, Eguzkiza eta Mendigain tuneletan, indargarri ugari erabili behar izan dute tunelen estalkietan. Izan ere, Eguzkizako tunelean gunita hustu eta pitzatzen zela ohartu ziren. Mendigainen ere antzeko arazoarekin topo egingo zutelakoan, tankerako irtenbidea jarri zuten martxan.

Materialen ezegonkortasunaren ondorioz, bi tunel horietatik hasieran uste baino askoz ere hondakin gehiago atera dituzte. Hondakin horiek isurtzeko arazo dezente eduki dute Durangaldean. Besteak beste, Orozketakohiri hondakinen zabortegi ohian isuri zituzten AHTaren obretako hondakinak, legez kanpo, Jaurlaritzak iaz isurtzeak bertan behera uzteko agindu zuen arte. Inguruko erreka eta bazterretan lixibiatu eta osagai toxikoen kutsadura larria gertatu zen zabortegia kontrolik gabe erabiltzearen eraginez. Egun, Bizkaiko auzitegia ikertzen ari da gertatutakoa.

Arazoak ez dira izan tuneletan bakarrik. Jose Angel Torres Arantzadi zientzia elkarteko geologoak tren lasterraren Aramaiooko zubibidearen azpiko lurrak aztertu zituen, eta ondorio hauxe atera du: «Lokatzezko hankak dituen erraldoia da». Inguru horretako azterketa geoteknikoa egin duenak akats nabarmena egin duela uste du Torresek, zubibide handia oinarritzen den lurra oso desegonkorra delako. Behe kretazeoko aldiko buztin eta tuparria da osagai nagusia inguru horretan, beltza eta oso hauskorra. Etorkizunean zubibide horretan arazo handiak izan daitezkeela uste du Torresek, eta ez du baztertzen plataforma bera jaustea ere: «Ni badaezpada ere ez nintzateke joango tarte hori egingo duen trenean». Aramaioko zubibideak 1,4 kilometroko luzera du, eta lur gainetik 90 metrora altxatuta dago. Dagoeneko, zubibide horren eraikuntza lanek arazoak eragin dituzte, eta, besteak beste, Aramaio eta Arrasate arteko errepidea (A-2620) urtebete baino gehiago itxi behar izan zuten 2010ean gertatutako luizi baten ondorioz.

Torresek salatu du eraikuntza enpresak «inolako kontrolik gabe» ari direla desmasiak egiten. Esaterako, geologoak salatu du Arrasate inguruan dagoen Garagarzako leizezuloan «balio arkeologiko handiko» materialak hondatu dituztela. «Milaka eta milaka urteko estalaktitak puskatu, eta estalita atera dituzte, eta, ondoren, zabortegietan edo auskalo nora bota dituzte».

Udalatx eta Albertiako tunelen barruan izaten ari diren arazoek frogatzen dute, Torresen iritziz, arazo larriak sortuko direla etorkizunean. Esaterako, oso zail ikusten du Udalatxeko tunelean urarekin arazorik ez izatea, baita Albertiako igeltsu harriarekin ere. Ekaineko jardunaldi tekniko horietan EAEko geologoen elkargo ofiziala izan zela gogorarazi du Torresek, eta, haren iritziz, zerbait esan beharko zuen. «Txosten horietan gauza larriak aitortzen ari dira».

Euskal Y-ko ibilbidearen zatirik handienean obrak hasita daude dagoeneko. Eraikuntza Eusko Jaurlaritzaren eta Adifen artean banatuta dago. Adif Gasteiz-Bilbo eta Gasteiz-Bergara zatiak eraikitzen ari da, eta Jaurlaritzak Bergara eta Donostia arteko zatia eraikiko du. Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak egindako hitzarmenaren arabera, obretarako dirua Jaurlaritzak aurreratuko du, eta, ondoren, Madrilek itzuliko dio, kupo bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.