AHTko obrak martxan dira Nafarroan

Cadreitatik Alesbesera doan zatian hasi dituzte lanak; bi urtean amaitu nahi dituzte, kilometroa 3,5 milioi euro pagatuta

Nafarroako Gobernuko ordezkariak, tartean Anai Astiz kontseilaria, atzo, Cadreitan. NAFARROAKO GOBERNUA.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Hondeamakinak lanean hasiak dira Nafarroan, AHT abiadura handiko trenaren bidea eraikitzeko. Cadreitan ekin diete obrei. Alesbes arterako zatia egin beharko dute, lehen zatia; 8,5 kilometro guztira. Bi urte eta lau hilabeteko epea dute obrak egiteko, eta 30 milioi pasatxoko aurrekontua; kilometroko, hiru milioi eta erdi.

Bisita ofiziala egin zuten atzo Cadreitara Anai Astiz Nafarroako Sustapen kontseilariak eta haren saileko beste ordezkari batzuek. Sastrakak kentzen hasi dira inguru hartan, gero eraikuntzei ekiteko. 150 langile arituko dira lan horietan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Hark du zati horretako lanak ordaintzeko ardura; gero, dirua itzuliko dio Espainiako Gobernuak.

Castejondik Iruñerrirako zatiko atal batean hasi dituzte obrak. Zati horretan daude aurreratuen lanak: zati osoa aurten bertan eskaintzeko asmoa plazaratua du Nafarroako Gobernuak. 69 kilometroko tartea da. Ezkirotzeraino iritsiko da hor trenbidea.

Beste gisa bateko kontuak dira beste zatietakoak. Hegoaldera, Castejondik Zaragoza alderako (Espainia) bideko proiektua egiteko dago oraindik, eta, murrizketen eraginez, atzeratuta dago lana; 2013 baino lehen ezingo dira hasi. 82 kilometroko zatia da, eta Espainiako Gobernuari dagokio. Iparraldera, Iruñerriko proiektua egiten ari dira; 22 kilometro ditu, Ezkirotz eta Zuasti artean.

Handik iparralderako zatia are gutxiago dago erabakita. Gipuzkoarako lotura —eta horrenbestez Euskal Y-rakoa— nondik egin adosteko daukate. Hiru aukera daude mahaiaren gainean; Iruñeko eta Gasteizko gobernuak Ezkio-Itsasokoaren alde daude.

Egoera hori izanik, gerta daiteke trenbidea amaitu bai baina zerbitzurik eman ezinik geratzea Castejondik Iruñerrirako zatia, iparraldeko eta hegoaldeko loturak egiteko egongo baitira.

«Xahutzea besterik ez da»

Lanak hasi direla jakinda, oharra egin du Sustrai Erakuntza taldeak. Haren esanetan, «zentzugabekeria» da AHTa: «Baliabideak xahutzea besterik ez da». Asteon bertan ikerketa bat plazaratu du talde horrek: EHUko ikertzaile batzuek ondorioztatu dute «politikoak» direla azpiegitura hori eraikitzeko arrazoiak. Gizartearen eta ekonomiaren aldetik zentzurik ez duela nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.