Frantziako trenbide sarea kudeatzen duen RFF enpresak irmoki erantzun nahi izan die Lapurdiko AHT xedea gaitzesten dutenei. Izan ere, ustez manifestazio erraldoi baten bezperan, AHT bide berrien egingarritasuna ikertzeko zundaketa lanei ekin die. Aste honetan, RFFrentzat lan egiten duen Fundasol enpresako teknikariak, auzitegiko idazkari batek lagundurik, Milafranga, Urruña eta Uztaritzeko etxe batzuetara joan dira zundaketa lanei hasiera emateko asmoz. Ingurumenaren aldeko elkarteen iritziz, RFFren jokabidea probokazio hutsa da, eta herritarren gaitzespena indartzen doan unean jendea beldurtzea du helburu.
Milafrangako Herriko Etxeak jakinarazi du Fundasol enpresa zundaketak egiteko prestatzen ari dela. Duela hiru aste Fundasolen gutun bat hartu zuten herritar batzuengana joan dira teknikariak, eta ikerketa lanei ekinen dietela jakinarazi dute. Oraingoz ez dute indusketa tresnarik sartu lurretan, eta arazorik ez dela egon jakinarazi dute.
Bertze kasu batzuetan, ordea, Fundasolek jarrera irmoagoa atzeman du. Uztaritze Ingurumenaren Alde elkarteak jakinarazi duenez, Arruntza auzoko zenbait etxetara joan dira teknikariak, beti idazkari batek lagundurik. AHTaren egingarritasuna aztertzeko zundaketak egitera zihoazela erran orduko, legea urratzen ari zirela ihardetsi diete jabeek. Lanak hasiko direla iragartzen duen agiria atarian jartzeko keinua egin dutelarik, ingurumenaren aldeko elkarteei jakinaraziko zietela erran dute jabeek.
CADE eta ingurumenaren aldeko taldeen iritziz, Fundasoleko arduradunek Frantziako legea urratu dute. Izan ere, indusketa lanak egiteko jabeei baimen agiria helarazi behar zioten postaz. Hartzaileak gutuna eskuratu duela bermatzen duen prozedura erabili behar dute horretarako. Kasu horretan ez da horrela izan, eta hori aldarrikatu dute hartzaileek zundaketa lanak trabatzeko. Oharra egin ondoren, Fundasoleko teknikariek bertan behera utzi dute eskaria, zundaketa lanak bertan behera utziz.
Saltzaileen presioa
AHTaren aurkakoek Baionako saltzaileen eta Jean Grenet auzapez eta diputatuaren presioa ere jasan dute azken egunotan. Gabonetako erosketa garaian manifestazioak saltzaileei galera jasanezinak eragiten dizkiela argudiaturik, manifestazioa Baionako karrika nagusietatik ez pasatzeko eskaria egin dio Grenetek suprefetari.
Baionako saltzaileen elkartea AHTaren kontrako tresna gisa baliatu nahi izana leporatu dio CADEk Greneti. Kontuan harturik Grenet AHTaren alde dagoen hautetsi bakanetakoa dela, gizartearen haserrearen aitzinean jendearen arreta desbideratu nahi izana egotzi dio.
Geldialdiaren indarra
RFFk AHT xedea aitzinatzeko dituen presak nabarmendu ditu CADEk. Aturri, Hego Lapurdi eta Errobi-Aturri herri elkargoek ere bat egin dute CADEren iritziarekin, eta auzitara eraman dute Pirinio Atlantikoetako prefeta. Zundaketa lanak gelditzea eta denbora irabaztea funtsezkoa dela azpimarratzen dute guztiek.
Izan ere, RFF konpainiak galera ekonomiko handiak ditu, eta, eragile anitzen ustetan, ardatz atlantikoan egin nahi duen AHTa dateke Frantziak eginen duen mota horretako azken egitasmoa. RFFren zorrak handiak dira, eta Frantziako Kontuen Gorteak zein Europak kontuak oreka ditzala eskatu diote. Egitasmoa aitzina doala badirudi ere, RFF denboraren kontra ari dela adierazi zuen Alain Iriart kontseilari nagusiak. Antolatzaileen arabera, 10.000 lagun bederen bilduko dira Baionan. 16:00etan hasiko da.
AHTko zundaketa lanak egiten hasi dira Lapurdin, kilometro bateko zabaleran
CADEk deiturik eta hiru herri elkargoren sostenguarekin, milaka herritar elkarretaratuko dira egun Baionan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu