AHTren alde errealitatea faltsutzen dela salatu dute CADEk eta LABek

Lapurdiko balizko ibilbideak aurkeztu dituzte, eta salatu dute RFFren xedea ez dela errepidearen alternatiba

Aitor Renteria.
2007ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ingurumenaren aldeko elkarteen kolektiboak (CADE) eta LABek Frantziako trenbide konpainiaren (RFF) jokamoldea salatu dute, AHT bultzatzeko errealitatea faltsutzen duelakoan. Lapurdiko eztabaida publikoa bukatu ondoren, egingarritasunari buruzko ikerketak abiatu dituzte, eta 2011n aurkeztuko dute balizko ibilbidea, iradokizunak egiteko. Alta, CADEk eta LABek, eztabaida publikoan azaldu xehetasunak kontuan hartuz, balizko ibilbideak aurkeztu dituzte Baionan.

Ezaugarri teknikoak kontuan harturik, 1992ko xedea eta RFFk iragarri xedea ikertu eta aldaeren iragarpena egin dute Akizerekin edo Biarnorekin lotuz. Funtsean, bi lan ildo nagusi daude: batetik, 1992an aurkeztutako AHT xedea; eta, bertzetik, Baionako geltoki berria, eragileen iritziz Uztaritzen kokatuko dena. «Presio handiak egonen dira oraingo xedea aldatu eta Biarnoko lotura bultzatzeko, AHT Bastida (Nafarroa Beherea) edo Bardozetik (Lapurdi) sartuz», azaldu du Victor Pachon CADEko presidenteak.

RFFk etxebizitza gutxien dagoen eremua hobetsi nahi du bide berriaren ibilbidea finkatzeko. Eztabaida publikoan adierazi zuen gune hori tentsio handiko elektrizitate sarearen ildoan kokatzen dela, Milafrangan barrena. AHTk elektrizitate behar handiak ditu, eta Milafrangako zentral elektrikoak hornituko luke Lapurdiko beharra. Gainera, Baionako geltokia Uztaritzen eginez, zentrala hurbil geldituko litzateke, geltoki berritik bost kilometro ingurura.

Errealitatea ikusteko ausardia falta leporatu diete Garapen Kontseiluari eta Ipar Euskal Herriko hautetsiei, Suitzako aditu independenteek egindako inkesta ezetsi eta RFFren iragarpen «faltsuetan» oinarritzeagatik AHTren alde egiteko.

«Suitzar adituen txostenak argi erakusten du 2020an ez dela saturaziorik egonen gaur egungo bideak hobetzen badira», azaldu dute. Gaur egungo bideetan 264 tren pasa daitezkeela azaldu dute. Tren konpainiak bide berria egiteaz gain, egungo bidea baliatuko dute. Tren kopurua faltsutu duela salatu dute. Hurbileko trenak hirukoiztu edo laukoiztuko direla dio RFFk, hazkuntzaren arrazoirik eman gabe.

Ekaien garraioa bi milioi tonatik 20 milioi tonara emendatzea aurreikusten du RFFk. Alta, kopuru hori sobera baikorra dela adierazi zuten Suitzar adituek. Trenak luzatuz eta zama handituz, bide berrien beharrik ez dagoela adierazi dute CADEk eta LABek.



LUR AZPIKOAREN EZUSTEKOA. Frantziako tren konpainiak Lapurdiko bidearen bi herenak tunelez egin zitzakeela agindu zuen eztabaida publikoan. Ingurumenaren aldeko taldeek AHTren inguruan jarrera hartzeko eskatu zieten hautetsiei. «Tunela agindu zieten, eta, sinetsi zutenez, ez ziren ausartu jarrera hartzera. Baina ezusteko ederra hartuko dute 2011n RFFk behin betiko ibilbidea aurkezten dielarik. Ez da tunel luzerik egonen», adierazi du Pachonek.

Frantziako araudiak zorrotzak dira tunelen erabilera finkatzerakoan. Ekaiak eta pertsonak garraiatzen direlarik bide beretik epeak zorrotzak dira. Ekai arriskutsuen garraioa berezi behar denez, bi tunel egin beharko lirateke, baten ordez. Gainera, ekai arriskutsuak garraiatu nahi badira, Frantziako arauek debekatzen dute 10 kilometroko tunela egitea. «Horrekin argi gelditzen da ekaien garraioa ez dela bide horretatik eginen, gaurko bidetik baizik», gaineratu du Pachonek.

Alta, Albizu izenarekin egin den ibilbide proposamena hobetsi dute tokiko hautetsiek. Kasu horretan bost kilometroko luzera aise gainditu beharko luke tunelak. «16 kilometroko tunela egitea sobera kario da, eta garraio konbinatua egiteko bikoiztu beharko balitz, handiagoa oraindik». Puntu horretan bat egin du eztabaida publikoa antolatu duen batzordeak.

Albizu proposamenaren arabera, ibilbidearen parte handiena lur azpitik egin behar da. Eredu mistoa baliatuz, jende eta ekaien garraioa ezinezkoa dela nabarmendu dute LABek eta CADEk.

Trenak kudeatzen dituen SNCF konpainiak eredu mistoan ez duela sinesten salatu zuten. SNCFeko buruzagiek aitortu dute zailtasun handiak daudela Parisko saihesbidea egiteko, eta ekaien garraioa Orleansen gelditu beharko dela, ez Lillen, hastapeneko xedean iragarri bezala. Horrek ekaien garraioa erabat baldintzatuko luke. Izan ere, kamioilariak trenera erakartzeko distantzia funtsezko arrazoia da.

«Kamioilarientzat errentagarria izateko gutxieneko luzera 800 kilometrokoa da, eta dagoeneko SNCFk aitortu du hori baino laburragoa izanen dela». Eusko Jaurlaritzaren xedean errepideetatik egunero 1.000 kamioi kentzea aipatzen da, Lapurdikoan 4.000 aipatzen direlarik. Ezberdintasun hori betetzeko arrazoirik ez dago, LAB eta CADEren iritziz.

Funtsean bide berria AHT egiteko izanen dela frogatzen duela diote. «Ez du saihestuko errepideak gainezka egotea».

[email protected]



Arduragabekeriaz aritzea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari

«Arduragabekeriaz aritzen den bakarra Eusko Jaurlaritza da, inposizioa baliatuz lehenik gauzak egin eta gero eztabaida saihesten duelako», adierazi du Jeronimo Prietok, Lapurdiko LABeko arduradunak. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako herritarrek 'Euskal Y'-ari buruzko eztabaidarik ez dutela izan ekarri du gogora. Gainera, 'Euskal Y'-a eginez eta Lapurdiko atean utziz lapurtarren iritzia ere baliogabetzen duela gaineratu du.

Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatuko duen azpiegitura egin aitzin xedea sakon eta eragile guztien artean eztabaidatu behar dela uste du. «Arduragabekeria horren aurka, eztabaida orokortasunean eta sakon plazaratuz, gu gara arduraz aritzen garen eragileak, ez Eusko Jaurlaritza».





Santiago zubia AHTren aurkako oholtza bateratua bihurtuko da apirilaren 14an

A.R.

Baiona

Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubia AHTren kontrako protestagune bihurtuko da apirilaren 14an. Arratsaldeko bostetan bilduko dira bertan Lapurdiko AHTren eta Euskal Y-aren aurkako eragileak. «Estatuen eta administrazioek inposatu zatiketa gaindituz» AHT gelditzeko elkarlanaren beharra dagoela azpimarratu dute CADEk eta LABk.

Ez dute aztertu mugimendu bakarra sortzea, indarrak batzea baizik. LABek Euskal Herriko ikuspegia gorde eta behar diren azpiegiturak adostasunean hartzeko beharra nabarmendu ditu. «Elkarlanaren lehen urratsak biziki emankorrak dira, eta denborak erranen du nola arituko garen geroan, denbora baita konfiantza sendoaren oinarria», adierazi du Pachonek.



HERRIZ HERRI ANTOLATU. Ororen buru AHT xedea gelditu nahi dutela azaldu dute. Hori lortzeko mobilizazioak bultzatuko dituzte. Duela bi aste ehunka pertsona bildu ziren Uztaritzen. Herriz herriko mobilizazioek hautetsiak jarrera hartzera bultzatuko dituztela uste dute. Ondoko aste eta hilabeteetan zabaldu nahi dute eredua. «Eztabaida abiatu aitzin Frantziak hartua zuen erabakia, eta erakutsi behar diogu ez dugula onartzen».

Lapurdiko AHT xedea gelditzeko oraindik lau urte daudela azaldu dute. Indar harremanen arabera, epe horretan zernahi gerta daitekeela nabarmendu dute. «Borroka hau irabazi ala galdu, herritarren kontzientzia hartzea eraginen du».

Garraio kopuruaren apaltzearen alde egin dute bi eragileek, hurbileko laborantza edo harremanak hobetsiz eta egungo baliabideen egokitzearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.