Abiadura Handiko Trenaren gaineko herri erreferenduma egin zuten atzo Legorretan (Gipuzkoa). Botoak zenbatuta, hauxe izan da emaitza: AHTren aurka azaldu dira parte hartu zuten herritar gehienak. 1.168 biztanleko erroldatik 402k bozkatu zuten, ia %35ek. Horietako gehientsuenak (349k) azpiegitura horren proiektuaren aurka azaldu dira.
AHT Gelditu! Elkarlanak positiboki baloratu du atzo eginiko herri galdeketa, eta kontent agertu da emaitzekin.
Udaletxe atarian jarritako kutxetan eman zuten herritarrek beren iritzia, honako galdera soilari erantzuteko: AHTren alde zaude, bai ala ez?.
Herrian duela hilabete batzuk hasi zituzten Abiadira Handiko Trena igarotzeko beharrezko obrak, eta hainbat baserritar eta herritarren lurrak desjabetuta dauzkate agintariek. Lanak hastear zirela, AHT Gelditu! Elkarlanak oposizio prozesua sendotu eta bizkortu behar zela ikusirik, herri galdeketa egitea proposatu zuen. EAJ hasieratik proiektuaren alde agertu da, eta galdeketan ez bozkatzeko eskatu zuen.
Legorretan ez ezik, beste hainbat herritan antolatu dituzte herritarrek galdeketak, eta guzietan AHTren proiektuaren kontrako botoa argi eta garbi nagusitu da. Mugerren eta Uztaritzen (Lapurdi), adibidez, iazko martxoan egin zuten erreferenduma eta parte-hartze handia izan zen: %60 ingurukoa bietan. Urbinan (Araba), Gasteizko hogei kontzejuetan, Itsasondon (Gipuzkoa), Atxondon (Bizkaia), Alegian (Gipuzkoa), Aramaion (Araba), Elorrion (Bizkaia) eta Anoetan (Gipuzkoa) ere arbuiatu dute Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duten azpiegitura proiektua.
Azpiegiturak
AHTren aurka azaldu dira Legorretako galdeketan parte hartutako herritar gehienak
AHT Gelditu! Elkarlanak positiboki baloratu du atzo eginiko herri galdeketa: 1.168 biztanleko erroldatik 402k botoa eman zuten, ia %35ek. Horietako gehien-gehienak, 349, proiektuaren aurka agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu